Treno Trek

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 17a, 17:36

Argazkia: Italiako Giroa.

Hirugarren garaipena lortu du Jonathan Milan Tolmezzoko zezenak, hiruretan argiena

Italian bada freccia rosa izeneko tren bat,  hiri populatuenak ziztu bizian lotzen dituena. Gezi arrosa esan nahi du, abiadura handiko trena. Jonathan Milan-i freccia rosa ez, freccia ciclamino esan geniezaioke, gezi morea. Hirugarren etapa garaipena lortu du Giroan,  gaurkoa hiruretan errazena, hankapean ibili baititu aurkari guztiak.

 

Milan bikain, eta Lidl-Trek taldea are hobeto. Esprint prestaketa bikaina egin diote bere liderrari, eta Teuns eta Consoniren azken erreleboak eskoletan erakusteko modukoak izan dira: perfektuak. Etapa irabazita banan bana eskertu die Milanek taldekideei euren laguntza.

 

Gaurkoak zer kontatu gutxi eman duenez, gaurko kronika bukaerak asteburuak eman dezakeenaren aurrerapena, asko eman baitezake. Bihar 31 kilometroko erlojupeko erabat laua, Giroko bigarrena.  Pippo Gannak Pogacarri odolkiak ordainetan emango al dizkio? Eta etzi, Giroko etapa gogorrena, Livignoko Mottolinon bukatuko dena. Bi datu,  besaulkian postura ona hartzen joateko: 222 kilometro eta 5.700 metroko desnibel metatua!!! Zazpi ordu bizikleta gainean!!!

 

Viva il Giro!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!