Ordainekoa hartu du Gannak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko mai. 18a, 18:37

Argazkia: Italiako Giroa.

Italiarrak hainbeste behar zuen garaipena lortu du, Pogacar menderatuta; podiumeko borroka estutu egin da nabarmen

Tarteka aurreikuspenak bete egiten dira, eta hala izan da gaur. Filippo Ganna kitarakoa hartzeko hautagaia zen, Perugiako lehen erlojupekoan Pogacarren kemenaren aurrean belaunikatu ostean,  eta majo sufrituta izan bada ere, garaipen ona lortu du; arnasa eman diona, bakea azken astean bere taldearen mesedean jarduteko. Sufrituta diogu, Pogacar egurrean hasi delako. Ibilbidea laua zen ia erabat, baino bazituen muino batzuk. Baita bihurgune arriskutsuak ere. Lehen tarteko erreferentzian, 7.8 kilometroan, Pogacarrek lau segundo kentzen zizkion Gannari, eta Verbaniako erraldoia urduritu egin da. Bigarren erreferentzi puntuan, 23.2 kilometroan, lasaiago hartu du arnasa, 10 segundoko errenta baitzuen esloveniarrarekiko. Hor nahiko argi ikusi da maglia arrosa goitik behera zetorrela, eta ia ezinezko zeukala Ganna menderatzea. Helmugan 29 segundo galdu ditu liderrak. Gannak Giroan irabazten duen seigarren erlojupekoa da, Jacques Anquetil handiak irabazi zituen berberak. 7 lortu zituen Eddy Merckx-ek, eta 12 Francesco Moserrek.

Sailkapen nagusian, Pogacarrek are gehiago handitu ditu aurkariekiko aldeak. 3.41era dauka orain Geraint Thomas, galestarra bigarren, Daniel Felipe Martinez-en kaltean. Kolonbiarra 3.56ra dago. O'Connor australiarra 4.35era, eta Antonio Tiberi gaztea, bosgarren, 5.17ra. Minutu eta erdiko aldea dago lau hautagai horien artean, eta G Thomas da faborito nagusi bertan mantentzeko. Erne Top 10ari eta urrunetik gauzatzen dien ihesaldiekin, joko handia eman baitiezaiokete Giroari. Arensmanek, erlojupeko ona eginda, seigarren postura egin du jauzi, 6.30era, baina 13. sailkatua, Jan Hirt, 9.41era dago. Alegia, Arensmanengandik hiru minutu pasatxora. Tartean daude ihesaldi zale apartak: Bardet, Zana, Storer, Einer Rubio...

 

Izen guzti horiek ondo apuntatu biharko etapari begira: Manerga del Garda-Livigno, 222 kilometro eta 5.700 metroko desnibel metatua. 7 orduko lana aurreikusten dute antolatzaileek, eta datu horrekin ez da gehiegi azaldu behar oso etapa gogorra izango dela. Hirugarren mailako Lodorino dago 37. kilometroan, Colle San Zeno bigarren mailakoa gero (14 km. %6.6ra), eta Mortirolo mitikoa ondoren. Egia da alde samurrenetik igoko dutela, baina zenbakiak ikusgarriak dira hala ere: 12.6 km. eta %7.6ko batez besteko malkarra. Bormiora daraman bailaran gora 20 km. egin ostean ekingo diote Passo del Foscagnori, beti errekan gora. Foscagno luzea da, 15 kilometro, eta mina egingo du, 2.291 metro dituelako. Jaitsiera labur bat eta eguneko azken aldapa igo beharko dute: Mottolino: 4.7 km. eta %7,7ko malda, %19ko horma tente pare bat tartean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!