Tourra egin dute!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko eka. 29a, 18:41

Romain Bardet-ek garaipen handia lortu du Riminin, Frank Van den Broeck taldekidearen eskutik; tropelean UAEk tentsioa jarri du mendate gogorrenean, baina ondoren lasai osatu dute bukaera

DSM-Firmenich taldeak Tourra egin du. Orain arte denboraldi kaskarra egin dute, garaipen gutxirekin, eta Giroan erakutsi zuten jarrera traketsaren ostean laino ilunekin inguruan. Gaur laino guztiak urrundu dituzte kolpe bakarrean, eta arreta gune mediatiko bilakatu. Garaipen handia lortu dute Romain Bardet beteranoaren eskutik, baina talde lan zoragarriari zukua aterata. Van den Broeck gaztea eguneko ihesaldian sartu delako aurrena, eta Romain bardet-en erasoaren ostean zubi lana egin lasterketa burura eramateko. Bi iheskideek bidea egin dute etapa bukaera arte, eta indartsu gaztea beteranoa bezala. Tarteka, Van den Broeck bera Bardet baino sendoago.

 

Ben Healyren mehatxua ezeztatu dute aurrena, eta tropel nagusiarena ondoren. Montemaggio, eguneko azken mendatetik minutu eta erdiko errenta zuten, baina tropelean Education First, Lidl-Trek eta Visma hasi dira tiratzen, garaipena bilatzeko Bettiol, Pedersen eta Van Aert-ekin, hurrenez hurren. Tantaka tantaka diferentzia jaisten joan dira, eta bazirudien harrapatu egingo zituztela, hiru kilometroren faltan 15 segundoko aldea zutelako. Nondik ezin jakin, baina indarrak atera dituzte Bardetek eta Van den Broeck-ek, eta bost segundoko errenta lasaigarriarekin helmugaratu. DSM taldeak Bardet aukeratu du irabazteko, txirrindulari ezaguna delako Frantzian, eta bihar oihartzun mediatiko handia jasoko duelako, maillot horia soinean. 'Infernale mais incroyable' esan du Bardet-ek etapa bukatuta. Alegia, gogorra baino zoragarria. Bere azken Tourra da, eta lehen egunean Tour osorako zuten helburua bete dute. Etapa garaipena eta lidergoa.

 

Tropelean gauza gutxi. UAE saiatu da oilarrak xaxatzen San Leo mendate pikoan, baina ez dio jarraipenik eman hurrengo aldapetan, onenen multzoa 30 lagunera murriztu ostean. Juan Ayuso larri zihoala sumatu dute agian, edo etapa bukaera ez zela egoki-egokia Pogacar-ek urrunetik jotzeko. Alegia, etxafuego batzuk bota dituztela, baina ez dela espero zenaren laurdena ere gertatu. Biharko etaparen zain geratu beharko dugu: Cesenatico Pantani handiaren jaioterrian hasi eta Bolognan bukatu, 200 kilometroko etapa osatu ondoren. Biharkoa ere bihurria da, gain motx baina zitalez josia. San Luca bitan igoko dute azken 20 kilometroetan. Bi kilometroko pendiza da, eta %10.9ko batez-besteko malkarra dauka. Jaitsiera oso bihurria da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!