Grmay zerura, Pello etxera eta Roglic infernura

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 11a, 17:33

@BHRVictorious

Zailtasun handirik ez zeukan etapak albo kalte asko eragin ditu; Roglic-ek 2.27 galdu du, 12 kilometrora muturreko handia hartuta, eta podiuma zaildu zaio

Arriskuak ez du abisatzen. Edo ez da ikusten. Eta askotan mendiko etapa gaiztoenak baino albo kalte handiagoak eragiten ditu. Primoz Roglic-ek badu halako fama txarra, askotan erortzen den ziklista. Atzo erori zen, Le Liorango helmugatik gertu, bere akatsaren ondorioz, eta gaur erori da, besteen erruaren ondorioz; Alexei Lutsenkoren erruz, hain zuzen ere. Muturreko handia hartu du esloveniarrak eta pedalak bete-betean emateko ageriko arazoekin 2.27 galdu du helmugan, sailkapen nagusian 6. posturaino jaisteko. Ikuskizun Tourrean jarraitzeko aukera izango duen.

Ez duena aukerarik izango Pello Bilbao da. Le Lioran-era bidean gorriak ikusi zituen gernikarrak bart, birus batek Bahrein taldeko ziklista asko erasan ostean. Gaur hasieratik ikusi da ezinean zihoala, eta 100. kilometroaren bueltan kitto esan du. Bizikletatik jaitsi, autoan igo eta dagoeneko etxera bidean izango da, ondo osatu  eta akaso Espainiako Vueltari begira osatzeko. Trantsizio etapak deitzen zaie gaurkoei, baina oso arriskutsuak izaten dira.

Bitartean, beste borroka batean, Biniam Girmay esprintean berriro nagusi. Esprinta kaotiko samarra izan da, Lutsenkoren erorikoak esprinterren taldeen lana hautsi baitu. Kokapena galdu dute morroi askok, eta ohartzerako helmugan zeuden. Van der Poel bera atzean geratu da, eta Philippsen taldekidea umezurtz utzi. Girmay-k Mike Theunissen-en ezinbesteko laguntza eduki du, tropel bururaino eramateko lanean, eta goranzko joera txikiak eman dio azken bultzadatxoa. Seitik hiru irabazi ditu Eritreakoak, eta maillot berdea oso bideratuta dauka. Van Aert izan da bigarren, eta Demare hirugarren.

Bihar Pauera iritsiko da Tourra, Biarnoko hiriburura, Euskal Herritik gertu. Agen-en hasiko da, eta 165 kilometroko bidearen ostean Pauera iritsi. Laugarren mailako bi mendate daude azken 40 kilometroetan, eta horrek esprinter azkarrenak atzera ditzake.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!