Txirrindularitza ederresten dute batzuk; besteek euren burua.....

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 17a, 17:45

©rtve seinalea

Carapazek luze bilatutako garaipena lortu du Superdevoluy-n, oso garesti egon den ihesaldia bikain errematatuta; Pogacar Vingegaard umiliatzen saiatzeko borrokan murgildu da

Txaloak gaur Richard Carapazentzat. Zenbat lan egin duen ekuadortarrak, Carchiko lokomotorak, etapa bat irabazteko, sailkapen nagusiko borrokatik kanpo geratu ostean. Oso garesti saldu den ihesdun multzo handi batean sartu da Carapaz 100. kilometroa pasata, beste 47 lagunekin. Aurretik zihoazen lauak minutu pasatxora mantendu dituzte, eta Noyer gainean, eguneko gogorrena, Simon Yates harrapatu du atzetik aurrera etorrita, aurrena, eta gainetik bi kilometrora ziplo utzi du britainiarra,  bakarrik helmugaratzeko.

Jendea zaletzen duen txirrindularia da Carapaz. Hustu egiten dena, arrakasta lortu edo ez. Pirinioetan saiatu zen, baina oilarren diktadurak ez zion aukerarik eman. Gaur ihesaldi ona harrapatu du bere terrenoa iritsi aurretik, eta ondoren indar erakustaldia eman du. Hiru itzuli handietan etapa irabazten duen multzo elitistako kide bilakatu da Carapaz; tamainako lorpena gauzatzen duen historiako 110. ziklista.

Sua ikaragarria izan da etapako lehen bi ordutan. Denek nahi zuten ihesaldia harrapatu, baina tarteko esprintak eta Grmay eta Philippsenen arteko borrokak asko zaildu dute ahalegin oro. 120. kilometroan baretu da erritmo itoa, eta ihesaldiak 8 minutuko langa ireki du,  behin tropela lasaituta. Noyer gaineko azken 500 metroak iritsi diren arte. Pogacarrek erasoa jo du eta Vingegaard atzeratu. Remco berak ere atzean utzi du danimarkarra, baina hiru oilarrak elkartu egin dira berriro Vismako Laporteren ekimenez. Evenepoel-ek berriz jo du,  Vingegaarden ahulezia ikusita. Pogacar-ek ez zuen gutxiago izan nahi, eta 350 metrora beste erritmo aldaketa egin du, bere aurkari nagusiari hiru segundo ziztrin lapurtzeko.

Zaila da Pogacarren jarrera oldarkorra ulertzea,  non eta tematua ez ote dagoen egunero erakustaldiak ematearekin. Erasoak jotzeko beharrik ez eta egurrean egunero. Akaso Remco lagundu nahi du, belgikarra bigarren izan dadin, berarekin harreman ona egin baitu Tourrean. Aukera sinesgarriena, dena den, Vingegaard umiliatzeko nahia da. Alegia, danimarkarrarl garaiezina dela erakustea ahal duen aldiro, nagusitasun hori bere lana egiten has dadin hurrengo urteko Tourrari begira.

Bihar hilly etapa, bihurria. 3.000 metroko desnibel metatua eta hirugarren mailako bost mendate bidean. Ihesaldiarentzat aproposa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!