Laguntzarik gabe hanka batekin irabazten badu, garaipena errazten bazaio zer esanik ez. Pogacarrek, UAEk ez dute ezer egin etapa irabazteko, ihesaldia itotzeko, baina aurkari zuzenen arteko demak espero ez zuen atea zabaldu diote. Izan ere, eta helmugatik hiru kilometrora, Vingegaard-ekin lasterketa buruan bakarrik geratu da liderra, eta noski, ezin tamainako opariari muzin egin. Esloveniarrak hanka batekin menderatu du Vingegaard, hura Evenepoel atzeratzeko justu samar baitzihoan. Ez dute garaipena bilatu, baina 'tori, irabaz ezazu' esanez gero, nork uko egin? Vingegaatd-ek berak aitortu du, uneren batean Pogacarrek etapa irabazten utziko ote zion, baina liderra cannibal bat da, asezina, eta Vingegaard bere aurkari nagusia etorkizunean. Ezin zion irabazten utzi, hurrengo urteetan opari horrekin damutu daitekeelako, agian. Vingegaard-ek berak onartu du, berak ere Pogacarrek bezala jokatuko zuela:; alegia, etapa irabazten saiatuko zela.
Ihesaldiak arrakasta izateko proportzio guztia zeukan, baina aurtengo Tourrean bost bakarrik izan dira arrakastatsu. Gaurkoan ere hala izango zela zirudien, baina oilarren arteko borroken albo kalteak sufritu dituzte Richard Carapaz eta Enric Mas-ek. 10 laguneko ihesaldi bateko indartsuenak ziren, eta lau minutu eta erdiko zuloa ere izan dute, etapa euren artean jokatzeko. Soudal taldeak, baina, beste asmo batzuk zeuzkan, eta erritmoa bizitu du tropel buruan Vingegaard estuzeko asmoz; Evenepoel-ek biharko erlojupekoari begira segundo batzuk irabazteko asmoz. Moscon, Van Wilder, Jan Hirt eta Mikel Landa erre ditu Soudalek, baina Evenepoel-en bi ahaleginak ustelak izan dira. Kilimak ere ez dizkio egin Vingegaard-i, eta bigarren erasoan, gainera, danimarkarrak kontraerasotu egin du, Pit Bull-a atzean uzteko. 40 segundo irabazi ditu helmugan, eta Remco batere itxaropenik gabe utzi biharko erlojupekoan sailkapen nagusiko bigarren postua lortzeko lehian.
Dena erabakita dagoela jokatuko da erabakigarria izan behar zuen erlojupekoak. Monakon hasi eta Nizan bukatu, 33.7 kilometro eta 800 metroko desnibel metatua, Turbie eta Col d'Eze mendateetan barrena. Ia dena dago erabakita: Podiuma, Top 5a... Postu pare bat dantzan daude Top 10ean, baina horietaz jende gutxi gogoratuko da.