Tourreko notak: 10tik 0ra

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 22a, 13:10

10a garbi dago, 9a eta 8a ere bai, besteak jakiteko, irakurri Grande Boucle-ko azken kronika!!!

 

 

10: Tadej Pogacar. Garaiezina, asezina, Inperatore, Ave Fenix... Hankapean ibili ditu aurkari guztiak, Giroan egin zuen bezala. 6 etapa irabazi ditu eta bere hirugarren Tourra  poltsikoratu, 25 urterekin. Iaztik nabarmen hobetu du bere jarduna, eta etorkizunari begira ere ez dirudi batere erraza esloveniarraren gatza berdinduko duen hautagairen bat egotea.Giroa eta Tourra urte berean irabazi dituen lehen ziklista da, 26 urte geroago.

9: Jonas Vingegaard: Saiatu da, eta berak espero baino hobeto ibili dela aitortuta ere, ez dio eman Pogacarren mailara hurbiltzeko. Amestu zuen, hori lortzearekin, San Lucan, bigarren etapan, edo Troyesko sterratoan; Liorango etapa bukaeran ere bai, baina Pirinioetan eta Alpeetan akabatu egin du Tadej-k, eta bere errealitatea onartu beste aukerarik ez zaio geratu. Gai izango ote da bikingoa Pogiren pare jarduteko etorkizunean? Erraza ez

8: Remco: Bikain Pit Bull-a, itzuli handietan izan ohi zuen egun txar hori jasan gabe. Edo pasa badu, ez da larria izan. Oso gaztea da, hobekuntzarako tarte handiarekin, baina aurretik izan dituen bi munstroen pare aritzea oso konplikatua da.

7: Mark Cavendish: Polemika handia egon da mendiko hainbat etapetan berarekin, edo garaipena lortu zuen egunean erakutsi zuen sasoi puntu bikainarekin, baina 35 garaipen 35 garaipen dira, historiako marka onena. Urte luzetan bilatu du eta baita lortu ere.

6: Biniam Grmay: 3 etapa garaipen, eta maillot berdea. Afrikarren etorrera distiratsuaren lehen harria, Eritreakoak jarritakoa. Koska bat beherago, bere aurkari nagusiaren, Jasper Philippsenen hiru garaipenak, kostata iritsi baziren ere.

5: Mikel Landa, Oier Lazkano eta Alex Aranburu: Nota hobea merezi zuten, 7 edo 8 bat. Batez ere Mikel Landak, Pit Bull-aren ezkutari fidel, eta bosgarren nagusian, azken erlojupekoan errendimendu bikaina emanda. Zer esan Lautadako zaldiari buruz? David Etxebarriak esan du sare sozialetan: "hanketan etapa garaipenak dauzkan txirrindularia dela ikusten zaio". Amen. Alexentzat ere txaloak, etapa garaipenetik gertuen egon den ziklista.

4: Uno X taldea: garaipenik lortu gabe ere sekulako presentzia eman dio lasterketari. Abrahamssen-ek lata ederra eman zuen lehen astean, bigarrenean Johannessen-ek hartu zion txanda. Talde askoren ispilu izan beharko luke Norvegiako taldeak.

3: WVA eta MVDP, izoztutako izarrak: Oso gutxi ikusi zaie, eta udaberriko klasikoetan, edo aurreko Tourretan erakutsi duten indarraren laurdena ere ez dira izan. Aitzakia badu Van Aert-ek, erorikoa, zailagoa Van der Poel-ena azaltzea. Bideratze on pare bat Philippsenentzat,eta sterratoko etapan kale.

2: Uno X-ren beste aurpegia: Groupama, Arkea, Cofidis... Oso Tour eskasa egin dute, garaipenetik urrun beti. Direct Energie-k Turgis-ekin lortu zuen, DSM-ek Tourreko erretiroa hartu duen Bardet-ekin. Gonbidapenen kontuan hamaikagarren hausnarketa egiteko une egokia.

1:  ASO antolatzailea: Hainbat etapa oso zozoak izan direlako, batere pizgarririk gabe esprintean bukatu direnak. Etapa horiei buelta bat eman behar zaie. Baita mendiko etapak benetako mendiko etapak izateko erronka ere. Plateau de Beille-ekoa alde batera utzita, besteak 3-4 orduko etapak izan dira. Erdizka geratu gara.

0:  Ciccone eta Buitragoren arteko sestra: sare sozialek dena erakusten duten garaian, itsusia oso Ciccone kolonbiarrari ur potoak hartzen bere autora heldu eta segundoak irabazi zituela leporatzen. Cicconek ere egingo zuen hori noizbait, eta Cicconek bezala tropel osoak. Txirrindularitza itsusten du italiarraren jarrerak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!