Egurrean hasi da UAE

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko abu. 17a, 21:17

Etapa irabazi dute Matxinen mutilek, McNultyrekin, eta Almeida, Adam Yates eta Sivakov-ek ere erlojupeko bikaina egin dute; bikain aritu da Roglic, eta nahiko pattal Mikel Landa

Askorako ematen dute 12 kilometrok. Ordu laurden eskaseko lanak diferentzia garrantzitsuak eragin ditu faboritoen artean, eta garbi utzi hasieratik UAE iaz Jumbo Visma taldeak egin zuena bere egin nahi duela. Alegia, hiru itzuli handiak irabazi. Pogacarrekin irabazi ditu lehen biak, Giroa eta Tourra, eta Vuelta ere irabazi nahi dute. Norekin, baina? Talde horretako lau txirrindularik, Vueltan aurrean irabazteko hautagaiak denak, lan bikaina egin dute. Etapa garailearekin, Brandon McNultyrekin hasi, Joao Almeidarekin jarraitu, eta Adam Yates eta Pavel Sivakov-ekin bukatu. Almeida izan da faboritoen artean onena, Roglic salbu utzita, eta portugaldarra menderatu nahi duenak gogor egin beharko du lana Vueltan.

 

Roglic aipatu dugu, bere lana azpimarratu behar delako. Esloveniarra izan da onena bakarkako lanean, eta diferentzia politak atera ditu. Bi segundo Almeidari, 10 Tiberiri, 17  Adam Yates-i, 22 Enric Mas-i, 23 Richard Carapaz-i, 29 Carlos Rodriguez-i, 36 Sepp Kuss-i eta 48 segundo Mikel Landari. ez du lan onik egin Murgiakoak, eta espero baino denbora gehiago galdu du. Jakina, hiru aste barru gaurko erlokjupekoak utzi digun marrazkia zeharo aldatuko da, baina sentsazioak garrantzitsuak dira, eta arabarren kasuan ez dira batere onak izan. 

 

Bihar bigarren etapa jokatuko da, Lisboan hasi eta Ourem-en bukatu, 194 kilometroren ondoren. Bidean laugarren mailako bi mendate, azkena helmugatik 20 kilometrora, baina aldapa seriorik ez. Ihesaldia edo esprinta?  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!