Infernutik itzuli pare bat eman ondoren dastatu du loria berriro Primoz Roglicek, tropeleko ziklista fidagarrienetakoak gainean bukatzen diren etapetan. Dauphine kostata irabazi ostean jausi egin zen Tourrean, eta Vueltan parte hartuko zuen zalantzan jarri zuen azken egunera arte Bora taldeak. Gaur egun, baina, zaila da erabat gordeta mantentzea, eta Roglic Iseranen gora ikusi zuen euskaldunen batek aste pare bat atzera, egurrean. Sasoiz justu zegoela zioten taldean, baina trufa ederra sartu diete aurkariei. Villuercasen irabazi du esloveniarrak, kostata eta Van Eetvelt gaztearen akatsa baliatuz, baino garaipena bera bezain esanguratsua izan da Villuercasko zati gogorrenean erakutsi duen nagusitasuna. Lider jarri da Bora taldekoa.
Gendarme lanak egin ditu oilarren talde txikiko buruan jarrita; Felix Gall-en eraso arriskutsua ezeztatu du, eta aurkari zuzen askori gorriak ikusarazi. Enric Mas eta Van Eetvelt-ek bakarrik eutsi diote, azken bi kilometroetan buruan zazpikote bat elkartu bada ere. Orduan ere maisu jokatu du Roglic-ek, konfiantzaz lepo, etapa garaipena gertu zeukala jakinda, eta indarrak alferrik hustu gabe segundo apur batzuk irabazteko arriskupean. Bora taldearen lan bikainak erakutsi du Roglic indartsu zegoela, eta aurreikuspenak bete ditu. Beroak sufrimendu itzela eragin du tropelean, eta diferentziak ikaragarriak izan ez badira ere, bai bakoitzaren sasoi puntua zein den erakusten dutenak. Roglic-en denbora berarekin helmugaratu dira Van Eetvelt, Almeida, Enric Mas, Gall, Riccitello eta Mikel Landa. 18 segundo eman dituzte Tiberik, Sivakovek eta Kuss-ek; 51 Carlos Rodriguez-ek, 57 McNultyk, eta minutu eta erdi kolpe handiena hartu duten Adam Yates eta Richard Carapazek.
Diferentziak ez dira ikaragarriak, baina bai aintzat hartzeko modukoak. Beroaren zalantza geratzen zaigu, atzerapena pilatu duten askok aitzakia hori jarri baitute. Beroa, baina, berdina izan da denentzat: jasanezina. Granadako etapak esango digu gaur atzean ibili direnak beroaren erruagatik ibili diren, edo aldiz, pentsatu bezain ondo ez daudelako izan den. UAEk hartu du kolperik handiena, Almeida onenekin helmugaratu bada ere. Matxinen taldeko beste oilar guztiak justu samar aritu dira, eta aurretik dagoen mendi guztia aintzat hartuta, Almeida ez da aurkari Roglicentzat itzulia irabazteko.
Bihar esprinta eta salda. Edo salda, salda eta esprinta, infernuaren bihotzean, Sevillan