Lasai mutilak, hemen nago!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko abu. 24a, 18:09

Roglic-ek erakustaldia eman du Cazorlako igoeran, eta Enric Mas izan ezik, aurkari guztiak beldurtu; minutua sartu dio O'Connor liderrari bost kilometroko aldapan

Atzoko eta gaurko etapetan gertatutakoa ikusi, eta osteguneko etapa bukaerara jauzi egingo bagenu, Roglic taldeko autobusera iristen irudika genezake. Apal-apal 'keep calm guys' esaten kideei. Alegia, 'lasai mutilak, hemen nago'. 48 ordu atzera dena zen desastrea, hekatonbea BORArentzat eta esloveniarrarentzat. Gaur oso bestela ikusten dira gauzak, Roglic-ek minutua jan diolako ia garaiezin zirudien O'Connor liderrari. Bost kilometrotan, eta dozena erdi eraso kolpe jo ostean. Daniel Felipe Martinez-ek egin dio lehen kilometroa, eta ondoren Roglic-ek hartu du aginte makila. Dinbi-danba egin du azken igoera, aurkariak nekaraziz, eta azkenerako bidea Enric Mas-ekin bakarrik egin du. Ondo ari da Movistar taldekoa, baina gorantz bukatzen diren etapetan handicap handia dauka esloveniarrarekiko (nork ez), eta gero eta urrunago dago nagusian. Mas eta beste aurkari guztiak. Villuercas-en egin bezala, tropeleko kapitaina izan da Roglic: nahieran egin eta desegin du, eta etapa irabazteaz gain hauspoa emango dion errenta ederra lortu du.

 

Ihesaldiak garesti saldu du bere porrota. Ion Izagirre eta Oier Lazkano sartu dira zazpikote batean, eta bertan Harold Tedaja Astanakoa izan da indartsuena. Israel taldeak lana egin du lodi Rusty Woods-ekin etapa bilatzeko, eta haiei esker iritsi dira faboritoak ihesaldiraino. Azken aldapan Rusty Woods Israelgoak ez du neurririk eman. Roglic-ek hiru kilometroren faltan askatu du O'Connor, baina ez da eguneko kaltetuena izan, Joao Almeidak bost minutu galdu dituelako ia. Bitxia UAE taldeari geratu zaion panorama, hainbeste beldur sortu ondoren. Isaac Del Toro izanen da orain euren talde burua, baina mexikarra podium-etik bi minutura dago nagusian dagoeneko. Munduko talde onena azukre koskor bat kafesne beroan urtzen den bezala desagertu da.

 

Diferentziak nabarmen aldatu dira. Roglic 3.49ra dago, dagoeneko. Bada diferentzia, baina jada ez dira bost minutu. Esloveniarrak 42 segundo ateratzen dizkio Mas-i, 1.11 Tiberiri, 1.24 Landari, 2.07 Carkos Rodriguez-i, 2.19 Sepp Kuss-i eta 2.55 Carapaz-i. Diferentziak gorantz doaz, eta zailtasun asko geratzen dira aurretik. Biharkoa, esaterako. Motrilen hasi eta Granadan bukatu, 180 kilometro eta etapako bigarren zati gogor-gogorra. Lehen mailako Purche eta Hazallanas igoko dituzte, azken mendate hori bitan, 4.370 metroko desnibel metatua pilatzeraino. Purche oso gogorra da, bost kilometro oso %10etik gora. Motzxeagoa da Hazallanas, baino are tenteagoa: lehen bost kilometroek %11ko batez bestekoa gainditzen dute, eta horietako bik %13.2 eta %14.8ko zenbakiak ematen dituzte. Berriro bero handia espero da, eta gaur ikusi diren tabloiekin, bihar sekulako txakaladiak ikus ditzakegu.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!