Flandesko traktorea

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko abu. 27a, 17:54

Wout Van Aert-ek erakustaldia eman du Galiziako muinoetan, eta bere hirugarren etapa irabazi; oilarrek lasai osatu dute etapa

Txirrindulari totala da Van Aert, denetarik egiteko gai. Itzuli handiak irabaztea bakarrik falta zaio, baina bestelakoan dena irabazteko gai da: esprintak, iparreko klasikoak, muinoz betetako etapa zailak... Mendate handiak igotzeko gaitasun aparta ere erakutsi izan du tarteka, baina Vuelta handiak helburu hartzeak dakarren nekea, muga psikikoa baztertu du betidanik, eta hobe horrela, ikuslea, gu geu baikara horri esker ikaragarri gozatzen dugunok. Van Aert ihesaldi ahalegin gehienetan sartu da Baionako abiapuntuan. Hamaika saiakera egon dira. eta oso garesti saldu da ihesaldia. 70 kilometro luze egin behar izan dituzte ehiztariek ziztu bizian, eta azkenerako bost lagunek egin dute martxa: Van Aertek berak, Pacher, Marc Soler, Lecerf eta Hollmann. Tropela lasaitu denean egin dute sei minutuko zuloa, eta euren artean jokatu etapa.

 

Azken mendatearen atarian zegoen esprintean egin du aurrera Flandesko traktoreak. Puntuak hartu nahi zituen, baina baita hanka egin ere. Lotan harrapatu ditu Soler, Hollman eta Lecerf, eta Pacher-ek oso kostata harrapatu du. Biek elkarrekin egin dute bidea Mougas mendatean gora, eta %8ko maldak bazituen ere, Van Aert errodadoreak gantxoarekin eraman du Pacher, ustez igotzaile hobea izanda ere. Minutu erdiko aldea atera diete Soler eta Lecerf-i gainean, baina gaina pasa ostean minutura joan da, eta helmugan oso erraz nagusitu da Van Aert. Mutil elegantea, Pacher-en zain geratu da helmugan, Pacher-ek ihesaldiak aurrera egin zezan egindako lan ona eskertzeko.

 

Tropelean ez da ezer pasa. Decathlon-ek kontrol lan ona egin du ihesaldia sortu aurretik, Bora-ko kiderik ihesean sartu ez zedin. Etapa bukaerako hiru mendateetan buruan jarri eta segurtasuna eman dute, aurkariek eraso keinu bakar bat ez badute egin ere. Zalantza asko sortzen ditu errendimenduan atseden eguna osteko etapak, eta faboritoek indarrak gordetzea erabaki dute. Bihar 11. etapa korrituko da. Berriro 3.000 metrotik gorako desnibel metatua, Padronen hasi eta bukatu. 166 kilometro, eta lau mendate bidean. Hirugarren mailako bi eta bigarren m,ailako beste bi. Azken mendatea, Cruxeiras, helmugatik zortzi kilometrora dago, eta batez besteko benetan gogorrak ditu: hiru kilometro eta %8.9ko batez bestekoa. Bihar ere erne Van Aert-ekin. Eta oilarrekin. Bihar mugituko dira, azken mendate horretan.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!