Hik lan eta nik jan, Max

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2024ko ira. 3a, 18:24

Marc Soler-ek luze bilatutako etapa garaipena lortu du Covadongako Lakuetan;  Mas eta Carapaz izan dira indartsuenak oilarren artean, eta Roglic tarteka larri ibili bada ere, bost segundora bakarrik du orain O'Connor-en maillot gorria

Etapa ederra eskaini du Covadongako Lakuetako bukaerak berriro. Mendate mitikoa da, eta han garaipena lortzeak zeruratu egiten du edonor. Marc Soler-ek luze merezitako garaipena lortu du, askotan saiatu baita garaile izaten ihesaldien bitartez. Soler txirrindulari aparta da, baina gaur bere buru joko onena erabili behar izan du itxuraz indartsuagoa zirudien Max Poole gaztea menderatzeko. Britainiarra zihoan gozoenen mendian gora, Soler neke plantak egiten aritu delako etengabe, bere lepo kolpe eta pedalkera baldarrarekin. Poole-ek ez du lortu kataluniarra atzean uztea, eta gutxien espero zuenean zartako latza eman dio. 10 metro atera ditu aurrena, 20 gero, eta 20 segundo hurrena, etapa garaipena ziurtatzeko. Poole-ek lan, eta Soler-ek jan, baina tarteka zaharrak, ahal duena baino, nahi duena egiten du. Barkatzeko moduko gaztetasun bekatua egin du DSM-eko Poole-ek, baina ikasiko du.

 

Oilarren artean ere dantza handia egon da. Enric Mas eta Movistar urrunetik saiatu dira, baina Mallorcakoak Collada Llomenan jo duen erasoa antzua izan da. Covadongan Mikel Landak abiatu du festa. Ausardian onena, hanka zuztarrak ez ditu bere onenean Murgiakoak, eta bere erasoa O'Connor-en Paret-Paintre morroiak ezeztatu du. Enric Mas-ek hartu dio lekukoa, eta eraso horrek O'Connor liderra atzeratu du. Carapaz-ek eutsi dio, eta Roglicek majo sufrituta. Esloveniarrari larri ikusi zaio tarteka, baina litekeena da taktikoki pazientziaz jokatu izana, bere martxan joatea bihotza txikitu gabe, Mas eta Carapaz-i ateratzen dien errenta ona gogoan. Granadan antzera jokatu zuen, eta Cuitu Negrun ere bai. Itsutu ez, eta bere erritmoan Mas-en gurpilera itsatsi bueltan.

 

Txaloak, era berean, O'Connor liderrari, azken kilometroetan galduta zeukan lidergoari eusteko adorea izan baitu, zulotik atera eta ondo bukatzen dakiela erakutsiz berriro. Bost segundoko errenta txikia du orain australiarrak, eta aurrerantzean podiuma borrokatzea izango da bere erronka, garaipena ia ezinezkoa baitu. 1.20ra du Mas, eta 1.41 Carapaz. Ekuadortarrari gero eta hobeto sumatzen zaio, eta kontuz berarekin. Bihar 17. etapa korrituko da, Arnuero eta Santander artean. 141 kilometro eskas, baina bigarren mailako bi mendate bidean. Lehen mendatea Estranguada da, hiru kilometro %14ko malkarrekin, bigarrena Caracol. Azken 40 kilometroak lauak dira, ikuskizun Alpecin-ek Groves-entzat kontrolatzeko gaitasuna izango duen, Van Aert-ek erori eta etxerako bidea hartu ondoren.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!