Usoa itsasontzira itzuli zen mokoan olibondo adar bat zeramalarik: Gizonarekin(sic) bakean egotearen nahia adierazi nahi omen zuen jainkoa, sinbologiaz jantzitako mezu horren bitartez. Bibliaren pasarte horretan iruditutako zeinua eta jasotako mezuak, humanitatearen pentsamenduan mendez mende biziraun duen ideia hilezkorrean bilakatu da. Hitz larriez idatzitako ideiak eta kontzeptuak, fikziozko historiaz osatutako liburu baten bitartez adierazten ditugu gizakiok gaur egun oraindik ere. Zergatik?
Peter Burke eta Norbert Elias antropologoek, hizkuntza, bizi garen mundua irudikatzeko gizakiok dugun gaitasun sinbolikoa dela diote. Sinboloek maiz, izaera zehatzik ez duten objektu artifizial edota naturalak izan daitezken adierazpide arbitrarioak dira. Sinboloen esanahien adierazlea harrotzen duen prozesua zehaztugabea da; aurretik ezin baita jakin ze forma eta edukia izango duten hauek etorkizunean. Sinboloek, denboran zehar bildutako esanahi ugarien euskarriak diren heinean, gizakion eta gizartearen izaerari buruz informazio iturri emankorrean bilakatzen dira.
Horrenbestez, guztiz kontrakoak diren esanahi eta adierazpenak gorpuzteko gaitasuna eta aukera dute sinboloek ere. Victor Turner antropologoak, Zambiako Ndembu herrien erritualen behaketetan oinarrituta, sinboloen ulermenean eta interpretazioan ikuspegi berriak zabaltzeko ezinbestekoa ekarpena egin zion antropologiari. Turnerren iritziz, soilik arrazionalak diren interpretazioak ez dira nahikoak hauen izaeraren ulermenean sakontzeko. Mundua ulertu eta deskribatzeko moduak, hots, gizartea, historia, erlijioa edo ideologia oinarri duten irakurketaz haratago, gizakiontzako eta norbanakakoentzako konnotazio aunitzez osatutako ezinbesteko euskarriak dira sinboloak. Modu honetan, sentipen, desio eta bizipenen adierazpenak zentzumenen muturrean (polo sensorial) kokatzen ditu Turnerrek. Mutur honen izaera, emozionala badela ere esan dezakegu. Arauak, balioak, sinesmenak eta gizarte-antolaketaren adierazpenak berriz, mutur ideologikoan (polo ideológico) kokatu behar ditugu eskoziar antropologoaren arabera. Polarizatuak dauden bi mutur hauen izaera aldakorra da eta hauen artean ere, nolabaiteko transferientziak gertatzen dira. Nola ez da ba horrela izango! Halabeharrez, desplazemendu hauen bitartez egokitzen gara etengabe eguneroko bizitzan azaltzen diren egoera ezezagunei aurre egiteko eta ezagutzen ez ditugun lurraldeetan moldatu ahal izateko.
Izan ere, hutsik dagoen adierazle ezberdinen edukiontzian bilakatu daiteke sinboloa. Zeinu hauen izaera eta edukia, behin-behineko jabetza aitortzen diotenen subjektuak bezain heterodoxoak dira. Beethovenen bederatzigarren sinfoniak izan dituen erabilpen irrazionalak, aipatzen ari naizenaren adibidide garbia da: ‘Alaitasunaren ereserkia’, diktadore faxistak, asiako gobernu komunistak, Europako erakunde liberalak, Kataluniako independentistak nahiz fikzioak irudikatutako psikopatek amankomunean partekatzen duten artefaktu kulturala eta unibertsalean bilakatu da. Antzeko adibideak aurkitu ditzakegu sinbolismoz apaindutako kontzeptuetan ere: Zein izango ote da oraintxe, herrialde imaginario batean bizi direnentzat askatasuna hitzaren esanahi partekartua eta unibertsala?
Batzutan, koherentzia historikoaz jantzitako diskurtso askok, jende arruntak haragiztatutako esanahiarekin ez datoz bat. Horregatik komeni da, iragan ez desiatu batean sortutako adierazpen sinboliko anakronikoak, gaur egun jendartean duten onarpena, gaitzespena edo axolagabekeria ondo baino hobeto ezagutzea. Azken finean uste dut, iragan distopiko baten aztarnak desagerarazi nahi duen ekintza ikonoklasten azken helburua ez dela izanen, ondoan bizi denarekin trifulka dialektiko nekagarri eta negargarrietan aritzea. Ondo baino hobeto badakigu, memoria historikoa edo kolektiboa deitzen diogun hori, 8 pulgadako diskete zaharkitu batean sartzen diren testu artxiboen kopuruaren tamainakoa dela. Dena den, hamarkadaz-hamarkada, Arabako herrixka batetik etorritako jainko antropofago horren gosearen lekuko isilak izan garelaren memoria, ez luke behar inolako euskarri digital berezirik gordetzeko.
Amaitzeko, argi utzi nahi nuke aurretik idatzita azaltzen diren ideiak, gertuko gatazka bat aztertzeko, ulertzeko eta deskribatzeko saiakera xumea besterik ez dela izan. Beti ere, antropologiak eta gizarte zientziek eskaintzen dituen tresnak erabiliz. Norbaitek pentsatzen badu, nire iritzia eman ordez, erdiko posizio neutro batean kokatu naizela, esan diezazuket gai honi buruz dudan iritzi xumea, txio batean kabitzen dela. Azken finean, nire iritzia da, hain zuzen ere, gai honen analisiarako inolako interesik ez duen gauza bakarra. Baldin eta, ahalik eta zehatzen eta hobeto ulertu nahi baditugu horrelako gertaeren aurrean gizartean pizten diren filiak, fobiak, tentsioak eta pultsioak. Uste dut horrelako ekintzak, praktika diskurtsibo baten mesedetan egin behar direla eta inoiz ez, desira endogamikoa areagotuko duen orgasmo kolektibo baten izenean.