Horregatik, inor ez da harrituko esaten badut, espazio publikoa gisa ezagutzen dugun abstrakzio hori, bere izaera sinbolikoan eta materialean gorpuzten eta gauzatzen duela, erditu dutenen pertsonen pentsamoldea eta noski, hauen joera ideologikoa; izan hau ezkertiarra, eskuinekoa edota zentro-muturrekoa. Izugarrizko ondorioak eragiten dituen konstrukzio politikoa da urbanismoa, baino baita ere, ingurune fisikoa eta soziala irudikatzeko, sortzeko, murrizteko eta kontrolatzeko ezinbesteko tresna garrantzitsua eta eraginkorra.
Itxuraz neutroa edo zientifikoa den elementu gisa aurkezten den fenomenoa izanik, jende arruntaren ezagutzatik ihes egiten du eta aditu, teknikari, arkitekto edo funtzionarioen ardura esklusiboa dela pentsatzen dugu. Guztiok onartu egin dugun balizko naturalizazio hori, benetako edukia gardentasunez hausnartzea eta ulertzea eragozten digu. Jende guztia modu sinplean uler dezan, gaur egun gure udala, aldundiek eta beste hainbat erakundeek bultzatu eta bultzatzen duten hiri-herri eredua eta espazio publikoaren antolamendua eta ekoizpenaren izaera kasu gehienetan, botere politikoa eta klase posizio zehatz bat duten gizon zuriek irudikatu, asmatu eta gauzatzen dutela berretsi nahi dut. Aspalditik gainera. Hayek, Chicago Boys edo J.J Imaz eta doktrina neolibeberal harrapakarienen tesiak de facto gauzatzeko, tresna eraginkorrena eta sotilena da espazio publikoa. Batez ere, bizitzen ditugun eta bizitzarako diren lekuak deusezteko, birpentsatzeko eta eraberritzeko duen gaitasuna eta ahalmenagatik.
Bizi garen herri hau urte luzez ezagutu duen eraldaketaren prozesu historikoa, politikoa, ekonomikoa eta soziala ulertu eta argitzea beharrezkoa dugu, gaur egun zer den eta zer egin duten jakiteko. Agian, istorio deseroso guzti hauek, lotura estua dute bertako agintariek bultzatu nahi izan duten egitasmo ideologikoarekin. Nahiz eta hau zein den, lau haizetara ez igorri. Halare, erabaki politiko zehatz bat hartzen denean, aukeran katalogo zabal bat duzunean, nahiz eta hutsala dirudien gai baten inguruan izan, ez da denbora jakin batean gertatzen den zorigaiztoko istripu isolatua. Zure hautesle eta bizilagunentzat hiri-altzari edo eserleku publiko egokiena zein den erabakitzeko orduan, B ordez, H aukeraren alde egiten duzunean adibidez. Horregatik etsaitasunezko arkitekturaren (unfriendly architecture) aldeko hautua egiten duzunean, zure pentsamoldearen lurralde garrantzitsu bat biluztu egiten da guztion aurrean.
Nire ustez, hirigintza eta gizartea egituratzeko asmoa duen eredu honek, duela hamarkada batzuk hasi zen gure herrian. Eta gaur egun jarraitzen du oraindik ere bide berdinetik, jatorrian zituen helburuak bere horretan jarraitzen dutelarik. Ezagutza boterea bada, ez da kasualitatea 14.000 metro karratuko azalera duten Andoaingo hiru plaza garrantzitsuenen (Goiko Plaza, Nafarroa Plaza eta Zumea Plaza) eraberritze eta eraikitze lanetan, antzeko berezitasun eta ezaugarriekin topo egitea. Plaza gogorren ereduaren adierazle argiak dira hiru adibide hauek. Eskuliburuko hiridiseinu mota honen lekukoak izan dira ere Espainiar Estatuko eta Euskal Herriko herri eta hiri ugari. Hauen biktimak nola ez, beti dira Marc Augék izendatu zituen ez-leku horietan bizi eta sufritzen duten gizakiak. Carlos Colón kazetariak 2016an Diario de Sevilla-n argitaratutako “Plaza gogorrak, beraien aurpegiak bezalaxe” artikuluan aipatzen zuen moduan: Sevillako Arma eta Santa Justa plaza gogorrak, herritarrak izorratzeko, deskokatzeko, txikitzeko eta babesgabetasun hondatzaile eta kiskalgarri Kafkiano batean zeharkatzen dituzten intsektu bihurtzeko diseinatu ziren. Justizia poetikoak maskararik gabe biluzik utz dezake iruzur egiten duenaren aurpegia, baina ez ditu ebazten hedatuegiak dauden eta bizi dugun espazioa itxuraldatzen duten praktikak. Hutsa(la)ren eta hormigoiaren kultura, hegemonikoetan bilakatzen dituztenak eta elkarrekintza, elkarrataratzea eta elkarrizketa soziala ezabatzen dutenak.
Izaskun Chinchillak “La ciudad de los cuidados” (2020) ikerketa liburuan azaltzen duen lez, “politika urbanistiko hauek, arkitektoen eta gizartearen arteko distantzia areagotzen dute, paisaia koloretsuak eta askotariko banderak sortu ahal izateko aukerak desagerraraziz". Ikerlari sozial eta antropologo gehienek bat datoz Chinchillarekin, fenomeno hauen genesia eta hedapenaren hasiera zehazterakoan. 1980. hamarkadan, Bartzelonako hirian hasiko da gorpuzten plaza gogorren doktrina. 1992. urteko Olinpiadei begira hain justu, hiriaren eraberritze eta gentrifikazio prozesua martxan jarri zenean. Hiria, nazioarteko merkatu turistikoaren rankignaren goi postuetan kokatzea zen helburua. PSUCeko kidea izandako Orhiol Bórigas arkitektoak, Bartzelonako Udalaren Hirigintza Ordezkaritzatik bideratu zuen Hiri Antolamendu Plan Orokorraren Arauak zehazten zuten ardatz nagusienak. Ignasí Sòla-Morales, Bartzelonako Unibertsitateko arkitekto eta katedraduna izango da hiri-garapenaren eredu hori, teorikoki elikatu, hauspotu, arrazoitu eta bidezkotuko duena.
Chinchillak, plaza gogorren kulturaren sorburu den hiri-diseinu mota horren ezaugarri nagusiak azaltzen ditu: “Eremu publikoan dauden lur sail handiak eta zabalak urbanizatzeko irtenbide merkeak eta integralak dira lehenesten direnak. Lurzorua, normalean granitozkoak edo hormigoizkoak dira, landare edo zuhaitz eskasekin eta gehienak, bertan egoteko banku eta hirialtzari gutxiekin”. Ez zaizue ezaguna egiten Izaskunek aipatzen duena? 1980ko hamarkadetik gaur arte, plaza gogorren eta arkitektura erasokorraren lekua eta laborategia izan da Andoaingo herria.
Hirigintzaren eta generoaren teoria feministek, zabaldu dute hiriari begiratzeko, ulertzeko, pentsatzeko eta sortzeko moduei buruzko ildo kritikoaren bideak. Batez ere eraikuntza mota hauek, bertan bizi diren pertsonen eguneroko bizitzan duten eragin kaltegarriengatik. Pentsalari feministek, hiri-ikuspegia errotik zalantzan jarri egin dute. Homogeneoa baita genero maskulinoak, heteropatriarkalak eta ekoizpen-eragileak duten ikuspegia, bizitza esperientziak aldebakarreko begiradetatik ulertu eta hausnartzerakoan. Hiriaren morfologia ezberdinek gure gorputzak zeharkatzen duten moduak, beste gorputz ezberdinekin elkartzeko aukera eta beharra bultzatzen edo eragozten dute. Giza harremanetarako aukerak, ulermena, gatazka edo gorputz horien bateratze eta ahalduntze prozesuak, ahuldu edo ahalbideratzen ditu, gizarte-dimentsio askoz ere zabalagoa eta eraldatzaileagoa sortzeko kontingentziari ateak irekiz.
Horregatik uste dut, Andoaingo toponimian berezko identitatea ez duen eta bere ezizenez izendatzen dugun espigoi madarikatu hori, hiri-plangintzaren arduradunen fikziozko planoen eta adineko, adingabe eta adin ertaineko pertsonen artean dagoen distantzia unibertsala irudikatzen duela modu argian. Jendeak seguruenik, ezer gutxi daki kota, HAPO, eskala eta hirigintzaren arauei buruz. Alta, umeak eta adinekoak ondo dakite, ibaien elkargunean dagoen eremu hori ez dela batere atsegina beraientzat; arriskutsua eta bortitza agertzen baita beraien aurrean. Baino gai honi buruz eta beste batzuen inguruan, prozesuan, idazten, ikasten, ikertzen, pentsatzen, ezeztatzen, ezabatzen, baieztatzen eta berridazten nabilen eta zehaztugabeko egunen batean, hiru ataletan banatuta argia ikusiko duen lan zabal eta luzean hobeto landu eta sakontzeko aukera izango dut eta zuek, nahi izan ezkero, irakurtzeko. Andoaingo hiru zaldiko apokaliptikoak izango da trilogia honen izenburua. Laugarrena, nire ondoan egonen da badezpada.