N1 ANDOAIN A15

Andoain: Heriotza eta bizitzaren arteko borroka

Erabiltzailearen aurpegia Asier Miron 2023ko ots. 17a, 07:00

Ekintza politiko oro, ideiak errealitate bilakatzeko duen gaitasun pragmatikoa zehazten duela adierazten dugunean (Realpolitik), errealitate hori, prozesu hegemonikoen ondorioa eta emaitza direla ere jakin behar dugu.

Beatriz Santamarina antropologoak, Ecología y poder (2006) liburuan aipatzen duen lez, ezagutzaren sailkapen modu ezberdinek, hots, arrazionala (logikoa) eta irrazionala (ilogikoa) boterearen funtsezko tresna hegemoniko gisa funtzionatu(tzen) du gure kulturan. Dualismo kartesiarra oinarri duen jakintza mota honek, diskurtso tekno-zientifikoaz baliatzen da, boterearen tresna nagusian bilakatzeko egilearen arabera. Ezagutza-ereduen arteko bereizketa hau izango da, hain zuzen ere, ‘egiazkoa’ den (edo bihurtzen dugun) horri hurbiltzeko eta sailkatzeko modurik eraginkorrena.

Horregatik, errealitatea deitzen diogun hori, antagonikoak diren dikotomien bidez deskribitzera behartuta gaudenean, hala nola, praktikoa/teorikoa, arrazionala/irrazionala, Realpolitika/idealismoa edo tanginblea/intanginblea, zein ikuspegi eta esparru diskurtsiboetatik planteatzen zaizkigun kontzeptu horiek ezagutu behar dugu derrigorrez. Adibidez, Udaletxean edo Gipuzkoako Foru Aldundian, (azken honek ahalmen handiko egitura politiko eta ekonomikoak duen instituzioa dela jakinda), gobernu taldea osatzen duten bi alderdiek, “aukera tangibleei” buruz ari direnean, andoaindarrok, nik, zuek, Herri Plataformakoek, subalternoek orohar planteatzen dituzten/ditugun ekarpenak, kritikak, proposamenak eta diskurtso nahiz ahots antagoniko oro baztertu eta gutxietsi nahiean dabilela esango nuke ezinbestean.

Foru Aldundian edo Udaletxean garatzen den Realpolitik delakoa, gaur egun ezagutzen dugun moduan behintzat, ez da jende apalaren ahotsa baino errealagoa, garrantzitsuagoa, ezta pragmatikoagoa ezta gutxiago ere adituagoa ere. Agian esparru batzuetan, eraginkorragoa badela esango nuke. Nola ez; horretarako ordaintzen ditugun zergen zati handi bat, gorputz burokratiko, administratibo, politiko eta koerzitibo guzti hori elikatzeko eta funtzionala izateko erabiltzen da.

Aitzitik, andoaingo herritar askok modu indibidualean ekin eta kolektiboki pentsatu, eztabaidatu eta plazaratu dituzten proposamenak eta planteamenduak, burokrazia administratiboaren eta kudeaketa politikoaren berezko kaskarkeriaren muga zorrotzak gainditzea lortu dute. Gure herrian bertan, aurrez aurre dugun arazoa adarretatik heldu eta zeharkako ikuspegi multidimentsionala eta holistikoa azaltzeko gai izan dira azken hilabeteetan osatutako ekarpenekin. Gaiaren konplexutasunak behar duen diagnostiko zehatza egin eta egoera eraldatzeko beharrezkoak diren ideiak eta proposamenak jarri dituzte mahai gainean, guzti hauek herritarroi erakutsiz eta irakatsiz.

Hau guztia, amankomunean partetatutako adimenari esker sortuta, norbanakoez saretutako gorputz politiko sendo eta luzidoa erakutsiz eta garrantzitsuena, Andoaingo herritarren gehiengoaren mesedetan. Ahots aunitzez eta ezberdinez gorpuztutako polifonia da hau, Mitjail Batjin idazle errusiarrak heterogloxia ezizenez ezagutarazi zuena, hain zuzen ere. Andoaingo udal gobernu taldekoek, konponbide serioagoak, arrazionalagoak, errealagoak eta ukigarriagoak planteatzeko gai izan ez diren bitartean.

1954. urtean, Jane Jacobs dibulgatzaile zientifikoa, pentsalaria eta aktibista, New York hiriko Washignhton Square Park zeharkatu nahi zuen autobide-proiektuaren aurkako borroka soziala antolatzen hasi zen. Jacobs ez zen kikildu hiriko politikarien aurrean; ezta ere higiezinen sustatzeileen aurrean, ezta ere, automobil industriako enpresaburu edota Robert Moses bezalako gizon boteretsuenen aurrean. Azken hau izan zen, hain zuzen ere, 1930eko hamarkada ezkeroztik New Yorken egindako hirigintza-eraldaketa gehienen arduraduna. Jacobs eta Greenwich Village auzoko bizilagunak izan ziren antolatu eta protestari ekin ziotenak. Baino hauen ondoren, New Yorkeko beste auzo ezberdinak batu ziren protestara. Beste erremediorik geratzen ez zitzaielako. Hiriko elite nagusienak, banketxetako arduradunak, Wall Streeteko tribua, politakari gehienak eta jainkoen moduan sentitzen ziren Robert Moses bezalako urbanistek, hiriko pobreen aurkako hasitako gurutzada, etenik ez zuelako izango XX mendeko azken hamarkada horietan. 1961. urtean argitara eman zuen zuen J. Jacobs "Muerte y vida en las grandes ciudades" liburua. Ezinbesteko lana dugu hau hirien bizitza nola sortzen den ezagutzeko eta hirigintzaren argi ilunak ulertu nahi baditugu behintzat.

Nahiz eta gertaera haiekiko dagoen distantzia (espazioan eta denboran) handiegia izan, antzekoak diren elementu asko antzematen ditut Andoainen azken hiru hamarkadetan gertatutako pasarte historiko ezberdinak hausnartu ezkero. Naturgune bat zeharkatu behar zuen autopista baten aurkako borroka izan zen bizilagunen haserrea piztu eta hauek mugiaraz zituenak. Gerora, hiriaren erdiguneko auzoetan hasitako gentrifikazio prozesuen ondorioz, giza mugimendu honek, adierazpen eta gatazka ezberdinei aurre egin behar izan zion, bertako bizilagunak auzoz auzo etxez etxe kaleratzen eta baztertzen zituzten bitartean. Urteak joan ahala, borroka hori gorpuztu, hazi eta aberastu egin zen praxi politikoan nahiz teorikoan. Andoainen bezala, mugimendu honen lehen urratsa, hiritarren atxikimendu zabala lortzea izan zen eta honetarako, sinadura bilketa kanpaina batekin hasi ziren bidea egiten. New Yorken 1960. hamarkadan nahiz Andoainen XXI mendearen hirugarren hamarkan, zaharrak berri, beti berdin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!