Ikastola publiko duin bat behar dugu

Erabiltzailearen aurpegia

Hogei urte baino gehiago. Bi hamarkada luze. Erraz esaten da. Urte horietan zenbat ordu igaro dituzte gure umeek Azkorteko horma pitzatuen artean, segurtasuna inondik inora bermaturik ez duen eraikinean. Hogei urte eskean, Azkorteko Gurasoen Elkartea eta Egapeko komunitatea. Bi hamarkada kezkatuta, ikastolak ematen duen kalitatezko heziketak ez duelako merezi duen zentrorik.

Baina martxan da, azkenean. Aurrera doala ziurtatu du Urnietako udal gobernuak, gutako askok sinistuko ez dugun arren, lehen makinak lanean ikusi arte. Ziurgabetasuna izan baitugu orain arte erantzun bakar; mesfidantzak jota baikaude ezinbestean, beti egon dira-eta argi azaltzen ez ziren arrazoiak; oztopoak, aurrera zihoala zirudienen bakoitzean.

EAJk eraikinari buruz argitaratu duen informazioan, baina, “eraikin berria lehenbailehen gauzatzea lehentasuna” izango dela nabarmendu du, “buru-belarri” ariko direla lanean, “aurreko legegintzaldietan bezala”. Fidatu nahi dugu esandakoez, ez da gure asmoa euren hitza zalantzan jartzea, baina ez da egia aurreko legegintzaldietan buru-belarri aritu zirela, hala balitz ez baikenituen hogei urte igaroko eraikin berria eskatzen, eta, aitzakia eta erantzun lausoak jasotzen.

Premiazko proiektuak egiten hasteko ez dira hogei urte behar. Ikastolaren eraikina ez da jeltzaleen lehentasun izan. Eta orain, aurrera egingo badu, urtez urte hor egon diren guraso eta irakasleen burugogortasunari esker izan da. Era berean, borroka hau ez da amaitu, ezta gutxiagorik ere. Lurrak desjabetzen ari dira, eraikinaren proiektua ere egina dago, eta prozedurak bere bidea egingo du, baina Udalak Egaperi 8.000 metro koadro agindu zizkion, eta Hezkuntza Sailak eraikina egiteko 5.000 behar dituenez, gainerako 3.000tan aurreikusita zegoen aisialdirako eta elkarretaratzeetarako berdegunea ez da egingo, Udalak ez duelako eremu hori egokitzeko asmorik; ez du horretara aurrekonturik bideratzeko asmorik, oraingoz...

Eta ez ginateke gune hori eskatzen ariko beharrezkoa dela irudituko ez balitzaigu, ikasleentzat, hezkuntza komunitatearentzat eta herriarentzat. Horregatik, proiektua hastapenean dagoenean, garrantzitsua deritzogu Udalari exijitzea berma dezala Urnietak merezi duen kalitatezko eskola publikoa.

Luzea izango da oraindik bidea, 2.025 urte ingurura arte ez baitugu eraikin berria izango, eta bide hori behar bezala jorratzeko ezinbestekoa da ahalik eta guraso gehienak inplikatzea. Gaur egun elkarteko kide garenon seme-alabek ez dute eraikin berria ezagutuko, eta garrantzitsua da orain Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan dauden ikasleen gurasoak konprometitzea, Gurasoen Elkarteko kide izatea eta elkartearen ekimenetan parte hartzea, euren seme-alaben etorkizuna dagoelako jokoan.

Eta oraina ere jokoan daukagu. Kezkatuta gauzka Azkorteko eraikinaren bilakaerak, zer esanik ez, azaroaren 25ean euriteen eraginez ikastolako atzeko horma eraitsi, eta eragindako sute eta eztanden ondoren. Jorge Segurado alkateak zorte txarrari egotzi zion gertaeren arrazoia, baina ez litzateke gertatuko eraikinaren egoera tamalgarriagatik ez balitz. Ikastola erortzen ari zaigu. Bi langile zeuden eraikinean eztandak izan zirenean, eta onik atera baziren ere, dardarka eta beldurtuta irten ziren handik. Pentsatu ere ez dugu egin nahi zer gertatuko litzatekeen ikasleak barruan harrapatu izan balitu. Uste dugu premiazkoa dela Azkorteren gutxieneko segurtasuna bermatzea, behar diren neurriak hartzea, eraikin berria egin bitartean.

Premia asko dauzka gure hezkuntza komunitateak, eta ez ditzagun utzi Udalaren borondatearen esku. Gurasoen parte hartzerik gabe, nekez izango dugu Urnietak eta urnietar guztiok merezi dugun proiektua. Har dezagun denon artean ikastola publiko duin bat eraikitzeko ardura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!