Gezurra dirudi, ia bi urte joan dira hogeigarrena amaitu zenetik!
Oso gogoan dut Tolosaldeko eta Andoaingo Korrikako koordinatzaile lanpostua eskaini zidaten unea. Momentuan zer esan ez nekiela geratu nintzen. Ez naiz euskara irakaslea eta AEK-ren funtzionamendua ez nuen barrutik ezagutzen. Duda-mudan egon banintzen ere, azkenean, baietz esan nien.
Hasieran erabat galduta sentitu nintzen. Bat Zuk? Batzuk? Korrika Lagun? Korrika Laguntzaile? Petoneta? Zer? Nola? Non? Andoaingo AEK-ko euskaltegira hamaika bider deitu nuen, zer nolako pazientzia bertako irakasleena! Extremadura kalean kokaturik zegoen euskaltegi zaharra nire kanpamendu basea bihurtu zen egun haietan. Zerbait argitu nahi banuen, aholkuren bat behar banuen edota pozak eta tristurak konpartitu nahi banituen hantxe zeuden AEK-ko kideak. Bertara joan nintzen lehen egunean konturatu nintzen eurentzat bi urte mota daudela: Korrikadunak eta Korrika gabeak. Korrika gabeko urteetan lanpetuta ibili ohi dira eta Korrikadunetan are eta gehiago!
Korrika amaraun erraldoi bat da, Euskal Herri osoa saretzen duen hari-mataza itzel bat. Nazio mailako hari puntadak eman behar dira lehenengo eta gero, tokian-tokian, euskararen aldeko jostorratzari eragin behar izaten zaio etengabe, eman eta eman, hemengo zuloa konpondu, horko hariari korapiloa egin… denon eskuak beharrezkoak dira Korrika josteko.
Korrika ezinezkoa izango litzateke auzolanik gabe. Koordinatzaile lana behar bezala burutzeko ezinbestekoa izan zen eskualdeko emakume eta gizonen laguntza. Benetan eskertzen dut hasiera-hasieratik eman zidaten babesa eta eman zidaten laguntza guztia. Laguntzaile bakoitzak bere herria Korrikaren alde dantzan jarri zuen eta guztion artean, Euskal Herria euskararen aldeko zirko erraldoi bihurtu genuen. Izan ere, salbuespenak salbuespen, Korrikak batzeko gaitasuna baitu. Adin, bizimolde, kultura eta pentsamodu desberdinetako pertsonok elkartzeko ahalmena du jai erraldoi honek, denok jartzen gaitu hari berari tiraka.
Korrika hasteko eguna gerturatzen zihoan neurrian hazten joan zen lan-karga eta momentu konkretu batzuetako estresa: telefono deiak, whatsappak, emailak, aurrez-aurreko elkarrizketak… korrika joan behar batetik bestera Korrikaren alde.
Orain bi urte zorte handia izan genuen, izan ere, 20.na bi aldiz pasa baitzen gure eskualdetik. Lehenengo egunean Lizartzatik sartu zen Korrika, goizeko ordu txikitan. Korrikaren aurretik joaten den furgonetan mikrofonoa eskuetan nuela ibiltzeko zortea izan nuen. Zaila da hitzekin herriz-herri, kilometroz-kilometro bizitakoa azaltzea. Euskaltzaleak, desordutan, errepide bazterrera irten ziren, lo gutxi eginda, baina, pozik. Petoa soinean, Korrikaren alde lasterka egiteko prest, irribarretsu, begietan ilusioa. Alkoholik gabeko mozkorraldia bizi izan nuen, hura zirrara! Lizartzan hasi eta Andoainen bukatu zen egun hartako nire Korrikaldia. Ahotsik gabe eta bihotza emozioz beteta bukatu nuen.
Aurten, apirilaren 4tik 14ra zeharkatuko du Euskal Herria Korrikak. Ezkutuko mezuak eskuz-esku, euskaltzalez-euskaltzale egingo du Garestik Gasteizerainoko bidea. Aurten errepide bazterrean zain izango naiz, lo gutxi eginda, baina, pozik, ilusioz, euskararen alde nire aletxoa jartzeko prest, euskararen alde klika egiteko gogoz. Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!