Egape elkarteko helduen dantza taldeak, Txanbolin txistulari eta On Bosko bandarekin batera, Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo diote, menditik jaisten direnean Berrasoetako parkera, arratsaldeko 18:00etan.
Aurten, festa eta dantza giroa areagotu eta sustatzeko asmoarekin, Guria eta Zaldundegiko plazan dantza taldearen saioak, plaza-dantza herrikoiekin partekatuko dira, nahi duen guztiak, heldu eta txiki, amon eta gazte, guraso, osabak, izebak… dantzatzera animatuz.
On Bosko bandak alaituko du plazatik plazarako kalejira eta desfilea San Joan plazan amaituko da dantza taldeak Olentzero eta Mari Domingiri eskainiko dion “Ole Olentzero” koreografiarekin.
Harrera egin ondoren, herriko haur guztiek Olentzero eta mari Domingirekin argazkia ateratzeko aukera izango dute, bertan eskutitza utziaz, eta gaztain eta madalena goxoak janaz.
Gonbidatuta zaudete guztiok Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ospatzera, baserritar jantzia ipini eta ANIMO!!!