EGAPE IKASTOLAKO IKASLEAK TOKIKO KOMERTZIOA SUSTATZEN

Erabiltzailearen aurpegia Egape ikastola 2019ko abe. 18a, 12:54

Egape BHIko 4. mailako ikasleak “Urnietan bizitza merkataritza anitza” lemapean, tokiko komertzioa sustatzeko eta herritarrak bertako saltokietan erosketak egitera bultzatzeko kanpaina burutu dute “Ikasketa zerbitzua”ren bidez.

 

Egape BHIko 4. mailako ikasleek beste urte betez Urnietako komertzioa sustatzeko eta herritarrak bertako saltokietan erosketak egitera bultzatzeko “Urnietan bizitza merkataritza anitza” lemapean kanpaina gauzatu dute. 

Euskara, Balio etikoak eta Informatika arloetan garatutako proiektua da eta Jolas eta Ekin elkartearekin elkar lanean jardun dugu. Proiektu honen xede nagusietako bat ikasketa zerbitzua garatzea izan da, hau da, ikasleek ikasitako ezagutzak indartu eta hobetzeko aukera izan dute, ikasitakoa errealitatera transferituz, giza-baloreak landuz eta komunitatearen onurarako zerbitzu bat eskainiz. Gainera, Urnietako dendariekin elkar lanean, herrian eragile aktibo bihurtu dira. 

Bi bideo ekoiztu dituzte tokiko merkataritzaren ezaugarriak goraipatuz, konfiantza eta gertutasuna besteak beste. Abendua eta urtarrilean zehar ikasleek egindako promozio bideoak Saroben, zine-emanaldien aurretik ikusgai ipiniko dira. Honetaz gain Ikastolako eta Udaleko web orrietan eta sare sozialetan ere ikusi ahal izango dira. Bestalde, kartela diseinatu eta herriko dendetan erakutsiko da.

Beraz, herritarrak bertako komertzioetan kontsumitzera animatu besterik ez zaigu geratzen, tokiko merkataritza bultzatuz Urnietan bizitza egin ahal izateko eta herria bizirik mantentzeko.
 

 


 



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!