Ikaslea, ahozko zein idatzizko egoeretan informazioa ematen eta eskatzen aritzen da etengabe, galderak egoki formulatzen eta erantzuten, hartzaileari begirunez zuzentzen eta pertsonak zein lekuak deskribatzen.Helburu hori lortzearren, ahozko eta idatzizko komunikazioarekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen diogu ikasleari, izan ere, gure bizitzako komunikazio-ekintza gehienak diskurtso horren bidez gauzatzen dira; besteak beste, elkarrizketaren bitartez elkarrekin harremanetan jartzen gara, elkar ezagutzen dugu, informazioa ematen eta jasotzen dugu, istorioak kontatzen ditugu, iritziak eta aholkuak ematen ditugu…
Erronka bitxi bat proposatzen diegu ikasleei, hau da, Euskal Herriko beraien adineko gazteak elkar ezagutzeko aukera, hain zuzen ere, eta hau izango da motibazioaren pizgarria.
Hortaz, gazte euskaldunen arteko elkar ezagutza bideratuko dugu ikastetxetik bertatik: nolakoak gara? zer zaletasun dugu? non bizi gara? nola hitz egiten dugu? Ezagutza horretarako hainbat informazio trukatu beharko ditugu, komunikaziorako tresna azkar batez baliatuz: posta elektronikoa. Gure kasuan Eibarko Mogel-Isasi Ikastolarekin egiten dugu elkartrukea eta gure ikasleak une honetan buru-belarri mezuak jasotzen eta igortzen dabiltza eibartar gaztetxoekin
Jarduera honekin hizkuntzaren gaitasuna lantzeaz gain, gaitasun digitala ere lantzen dugu bete-betean.