Badira urteak Egape Ikastola BHI “Kalitatea Hezkuntzan” sareko partaide garela. Sarean lanean hasi ginenetik, ikastolan Kalitate sistema ezarri dugu eta 2019ko abenduan Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Aurreratuaren Diploma jaso genuen. Proiektuan eta sarean lan eginez, etengabeko hobekuntza dugu helburu.
Kalitatea Hezkuntzan sarean, urtero “Teoriatik praktikara” ekimena antolatzen da, bertan ikastetxeetako praktika onak eta esperientziak partekatzen dira berdinengandik ikasiz etengabe hobetzeko. Egape Ikastolako praktika ezberdinak aurkeztu izan ditugu azken urteotan, hala nola, ikasketa zerbitzu bidezko proiektuak, ikaskuntza kooperatiboa bideratzeko IK-KI taldea, EKI proiektua…
Aurten, 16 Praktika On aurkeztu dira eta otsailaren 9an, Bigarren hezkuntzako ikastetxean “Komunikazio Plana: boletin digitala” gure esperientzia partekatu genuen sarekide diren hainbat profesionalekin.
2018-2019 ikasturtean Komunikazio Taldea osatu genuen, HH-LH eta DBHko familia, irakasle eta zuzendaritzako ordezkariekin, eta hausnarketa prozesu baten ondoren Egape Ikastolako KOMUNIKAZIO PLANA zehaztu genuen. Honela, eskola komunitateko eragile guztion arteko elkar ezagutza eta komunikazioa erraztea dugu helburu, Egape Ikastolaren eskaintza pedagogiko eta Urnietari egiten dion ekarpen soziala ezagutaraziz. Gainera, informazioa partekatzeko tresna egonkorrak sortu ditugu, besteak beste, web orri berria, albistegi digitala eta Aballarri buletina eta gure praktikak zabaltzen ditugu Aiurri digitaleko “komunitateak” atalean eta facebook eta twitter sare sozialetan.
“Teoriatik praktikara” ekimenean gure praktika partekatzea aberasgarria izan da eta gainera, Eskola Publikoaren eremuan, gure komunikazio plana aintzindaria eta berriztatzailea dela jabetu gara.