Gazteen artean «aniztasunaren aldeko konpromisoa» indartzea helburuarekin, 'Aniztasunetik Eraikiz' programa abiaraziko du ikasturte honetan Gipuzkoako Aldundiak. Ikasleek beren inguruan bizi duten aniztasuna ezagutu eta baloratu dezaten bide berri bat ireki nahi du egitasmo honek, diskriminazioaren eta gorroto mezuen aurkako jarrerak sustatuz, nahiz giza eskubideekin lerrokatutako gogoetak sorraraziz.
Programa honek gure ikastetxeko ildo estrategikoekin bat egiten duela ikusirik bertan parte hartzea erabaki dugu beste sei ikastetxerekin batera.
Egitasmoak hiru urteko lanketa eskatzen du. DBHko bigarren mailatik hasita, urte bakoitzean lan ildo bat jorratuko da, migratzaileen, dibertsitate funtzionala duten herritarren eta LGTBIQ+ pertsonen eta gutxiengo etnikoen errealitatearen berri emanaz gazteei. Hainbat gaitasun garatzeko ariketak proposatuko dira, hala nola, aniztasuna eta enpatia lehen urtean, giza eskubideak eta partaidetza bigarrenean eta gorroto mezuak eta sormena hirugarrengoan.
Metodologiari dagokionez, hiru atal bereiziko dira: aztertu, sentitu eta konprometitu. Gaiaren inguruko hausnarketa egiteaz gain, pertsona eta elkarte ezberdinak gelara ekarriko ditugu. Horiek, beren esperientziatik eta bizipenetatik abiatuta, ikasleekin solas egingo dute, beren errealitate anitzetatik sentitzen dutena eta bizi izan dutena ikasleei azalduz. Bukatzeko, ikasleek ekimen bat aurrera eramango dute herriari zerbitzu bat eskainiz, eta ikasketa zerbitzua garatuz.
Gure ikastetxean balio etikoetako irakaslea Amaia Lezamak zuzenduko du proiektua “Aniztasunetik eraikiz” egitasmoaren arduradunarekin elkarlanean.