Abenduaren 3a, egun seinalatua dugu, Euskararen Nazioarteko eguna ospatzeko eguna da. Egape Ikastolan, egun horren harira hainbat ekintza eta jarduera burutu dira aste guztian zehar.
Haur Hezkuntzatik DBHra, euskara, gure hizkuntza, batak besteari eginez, egunero indartuko dugula argi izan dugu egun hauetan. Egunero, eta uneoro, edozein dela egiten dugun ekintza ere, euskaraz aritu gaitezke, eta horren isla izan da, Arantxa Iturbek gidatuta, eskolaz kanpoko marrazketako ikasleek, Ikastolaren paretean betirako idatzia utzi duten esaldia:
“Eginez elkarri, batak besteari, gaur bihar eta etzi, emango diogu arnasa EUSKARARI”.
Esaldia irudikatzeko itsasora egin dute salto, arrainen antzera, hauek ere arnasa hartzen baitute eta azkarrago joan asmoz, denak batera bidaiatzen dute modu sinkronizatuan. Eta guk ere, hori izango dugu helburu, elkarri eginez euskarari emango baitugu arnas.