XXX. ANTIA LITERATUR LEHIAKETAN EGAPEKO IKASLEAK SARIDUN

Erabiltzailearen aurpegia Egape ikastola 2024ko api. 25a, 17:32

Apirilaren 24an, XXX. On Manuel Antonio Antia literatur lehiaketaren sari banaketa egin zuten Saroben.

Antia literatur lehiaketaren XXX.edizioa izan da aurtengoa eta asteazkenean egin zen sari-banaketa. Hiru hamarkada bete dituen literatur lehiaketaren sari banaketaren ekitaldia Sua Enparantzak aurkeztu zuen, eta Danel Arteagaren musika emanaldiarekin girotua izan zen. Ekitaldian aurtengo edizioan izan den parte-hartze handia nabarmendu zuten, 148 lan aurkeztu baitira haurren kategorian eta 37 gazteen kategorian.

Haurren kategorian LH 4, LH 5 eta LH 6.mailako ikasleek parte hartu zuten eta lehen hiru sariak gure ikastetxeko ikasleentzako izan ziren. Izaro Arrieta Etxeberriak jaso zuen lehen saria “Perez sagutxoaren hortz egokia” idazlanarengatik; 2. saria, Elaia Zaldua Lizeagak “Mielaren magia”  idazlanarekin eta Maia Kortaxarena Gurrutxagak jaso zuen 3. saria “Bahiketa” lanarengatik.

Gazteen kategorian, berriz, Bigarren Hezkuntzako 3. mailako Axel Cuenca Martinezek lortu du saria “Liburuen eta balen artean” idazlanarengatik.

Pozik azaldu dira gure idazle gazteak, eta ez da gutxiagorako. Bejondeizuela eta jarrai dezazuela horrelako idazlanak sortzen! 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!