MUGIKORRAK BILTZEKO KANPAINA

Erabiltzailearen aurpegia Egape ikastola 2024ko mai. 17a, 12:30

Alboan GKEren “Gatazkarik gabeko teknologia” kanpainarekin bat egin du Egape ikastolak.

Egape ikastolako DBH 3. mailako ikasleek Geografia eta Historia jakintzagaian “Zeure mugikorrak ezkutatzen duena” unitatea landu dute. Lanketa horren ondorioz,  Alboan GKEaren mugikorrren bilketa kanpaina batean parte hartzeko konpromisoa hartu dute, gatazka-mineralen ondorioak jasaten ari diren Kongoko herritarrei laguntzeko asmoz. 

Ikasleek ekimena erabili dute kanpaina diseinatzeko eta gure eskola komuniatean abian jartzeko. Horrela, modu kooperatiboan lan eginez, kanpaina ezagutarazteko kartelak sortu dituzte eta herrian zehar eta sare sozialetan zabaldu dituzte. Gainera, Egapeko LHko eta DBHko ikasleriari kanpainaren berri eman die, beraiek sortutako aurkezpenez baliatuz. Familiei kanpainaren berri emateko gutunak idatzi eta bidali dituzte.

DBH 3. mailako ikasleen erronka da ahalik eta mugikor gehien biltzea GKEri emateko. Gehienok etxeetan erabiltzen ez ditugun mugikorrak izaten ditugunez, mugikor horiek Egapeko bi eraikinetan, LHn eta DBHn, jarri ditugun kutxetan uztera animatzen zaituzte. Kutxak eraikinen sarreretan daude maiatzaren 17tik 29ra bitartean. 

Guztion ekarpena da garrantzitsua. PARTE HARTU EZAZUE!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!