GORROTO MEZUEN AURKAKO JARRERA SUSTATUZ ETA ANITASUNETIK ERAIKIZ

Erabiltzailearen aurpegia Egape ikastola 2024ko eka. 7a, 12:01

Estereotipoak gainditu eta gorroto mezuen aurkako jarrera sustatu asmoz, hiru ikasturteko programari amaiera ematen diote gaur egun DBH 4. mailan dauden ikasleek. 

Gazteen artean «aniztasunaren aldeko konpromisoa» indartzeko helburuarekin, 'Aniztasunetik Eraikiz' programa abiarazi zuen 2021ean Gipuzkoako Aldundiak. Ikasleek beren inguruan bizi duten aniztasuna ezagutu eta baloratu dezaten bide berri bat ireki nahi izan du egitasmo honek, diskriminazioaren eta gorroto mezuen aurkako jarrerak sustatuz, nahiz giza eskubideekin lerrokatutako gogoetak sorraraziz.

Programa honek gure ikastetxeko ildo estrategikoekin bat egiten zuela ikusirik bertan parte hartzea erabaki genuen beste sei ikastetxerekin batera.

Egitasmoak hiru urteko lanketa eskatu du. DBHko bigarren mailatik hasita, urte bakoitzean lan ildo bat jorratu da, migratzaileen, dibertsitate funtzionala duten herritarren eta LGTBIQ+ pertsonen eta gutxiengo etnikoen errealitatearen berri emanaz gazteei. Hainbat gaitasun garatzeko ariketak proposatu dira, hala nola, aniztasuna eta enpatia lehen urtean, giza eskubideak eta partaidetza bigarrenean eta gorroto mezuak eta sormena hirugarrengoan. 

Metodologiari dagokionez, hiru atal bereizi dira: aztertu, sentitu eta konprometitu. Gaiaren inguruko hausnarketa egiteaz gain, pertsona eta elkarte ezberdinak gelara ekarri ditugu. Horiek, beren esperientziatik eta bizipenetatik abiatuta, ikasleekin solas egin dute, beren errealitate anitzetatik sentitzen dutena eta bizi izan dutena ikasleei azalduz. 

Aurten, gorroto mezuak identifikatzen aritu gara eta ondo informatuak egotea eta iritzi propioa izatea oso garrantzitsua dela ikusi dugu, honela bakarrik, diskriminazioa eta gorrotoa sortzen duten diskurtsoei aurre egiteko gai izango gara. Beraz, proiektuari amaiera emateko gure ikasleek gorroto mezuak salatzeko 30 segundoko bideo iragarkiak egin dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!