Maiatzaren 15etik 25era bitartean Euskal Herri osoan Euskaraldia ospatuko dugu, euskararen erabilera indartzeko ariketa sozial erraldoia.
Gure komunitateko kide asko eta asko ahobizi edo belarriprest izateko aukera izango dugu. Gure gaztetxoek, berriz, adin txikikoak direlako ez dute rol horiek hartzeko aukerarik izango baina ekimenak kontuan hartu ditu eta unitate didaktiko bat prestatu du gure ikasleek ariketa ezagutu eta euskaraldian integratzeko.
Hori dela eta, aste honetako hiru egunetan jarduera bereziak antolatu ditugu mailaz maila DBHko ikasleak girotze eta hurbilpen ariketak eginez. Honela, Euskaraldian xaxatzaile izango dira. Gaztetxoek helduen hizkuntza ohituretan eragiteko ahalmena eta haien euskararen erabilera sustatu nahi ditugu. Izan ere, etorkizuneko euskal hiztunak gaurtik prestatzea ezinbestekoa da.
Jarduera anitzak izan dira: hausnarketa ariketak, abestia ikasi, koreografiak asmatu eta grabatu, Urnietako hamaikakoen biografiak idatzi eta bideoak editatu, xaxatzaile txapak egin, euskararen inguruko ikerketak egin, hitz jolasak… eta bukatzeko hamaiketako eder bat.