Urnietar agurgarriak:
Egape Ikastolako 4.DBHko ikasleak gara. Azken asteetan matematika, plastika eta euskara arloan proiektu bat burutu dugu gure herriko merkataritza ohiturak aztertzeko.
Proiektuaren lehenengo zatia, tokiko merkataritza sustatu asmoz, herrian zehar jartzeko guk diseinatu genituen posterrak egitea izan zen. Jarraian, herrritarrentzat inkestak prestatu genituen. Herritarrek erantzuna bidalitakoan, haien erantzunak aztertu genituen. Azkenik, erantzunak aztertu ondoren, merkataritzaren inguruan ondorio batzuk atera ditugu.
Asko dira eguneroko erosketak Urnietan bertan egiten dituzten herritarrak baina saltoki handi ugari ditugu inguruan eta jendeak gero eta ohitura handiagoa du saltoki handi horietara joateko.
Proiektu honetan landu duguna kontuan hartuta, tokiko merkataritzak abantaila asko eskaintzen dizkigula ondorioztatu dugu. Batetik, bitartekari gutxiago daude produktua sortzen den momentutik saltzen den arte. Bestetik, produktu horien kalitatea hobea da. Gainera, herriko ekonomia hobetzen da, lanpostu berriak sortuz eta azkenik, produktuak herrian bertan erosten direnez, ez da garraiobiderik erabili behar beste herri edo leku batera mugitzeko; beraz, kutsadura murrizten da.
Horregatik, eskertuko genuke gure herriko merkataritza gehiago kontuan hartzea eta gure dendetan erostea. Denok eskaera hau jarraitzen badugu, gure herriko ekonomia indartu egingo da; lanpostuak mantenduko dira eta herriari bizia emango diogu. Beraz, lagundu gaitzazue Urnietako merkataritza babesten eta gure herria indartzen.
Gure eskaera kontuan hartuko duzuelakoan,
Eskerrik asko
Egape Ikastolako DBH 4. mailako ikasleak