ELKARBIZITZA ZIRKULUAK

Erabiltzailearen aurpegia Egape ikastola 2026ko otsailaren 13a

 
Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzan Bizikidetza positiboaren alde.
 
 
 

Ikasleak ikastetxeko bizikidetzaren kudeaketan inplikatu behar ditugu eskola-giro positiboa sustatzeko. Irakasleak bidean lagun izan behar gaituzte, eta eskolan haien partehartzea erraztu behar dugu. Hori egin ahal izateko, aurten ere, Bigarren Hezkuntzako maila bakoitzean ikasleen Elkarbizitza Zirkuluak osatu ditugu.
 
Elkarbizitza Zirkuluak gelako eta eskolako bizikidetza hobetzearren ikasleen partaidetza aktiboa sustatzen duten egitura egonkorrak dira. Euren helburua da bizikidetza positiboaren eta tratu onaren garrantziaz sentsibilizatzea, berdinen arteko laguntza sustatzea eta gatazkak modu positiboan ebazten laguntzea, besteak beste.
 
Ikasturte hasierako Tutoretza eta Proiektu Komunitateko saioetan, “Elkarbizitza Zirkuluak” egitura martxan jartzeko hainbat jarduera egin dira. Egitura horien sorrerak fase hauek izan ditu: sentsibilizazioa, ikasle-laguntzaileen aukeraketa (gelakideek aukeratutakoak), euren prestaketa, egiturak martxan jartzea eta jarraipen bilerak.
 
Abendutik aurrera, bilera horiek, hilean behin egiten dira maiztasuna handituz beharra sumatzen bada. Bilera horietan parte hartzen du: mailako hautatutako ikasle laguntzaileak, tutoreak, orientatzaileak, eta Ikasleen Ongizaterako eta Babeserako Koordinatzaileak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!