1.eta 2. DBHko ikasleei “Le singe et le crocodile” (tximinoa eta korkodiloa), “L’âne et le crocodile” (astoa eta krokodiloa) eta “Le chasseur et ses trois enfants” (ehiztaria eta bere hiru seme-alabak) ipuinak kontatu dizkie, egia, adiskidetasuna eta eskergabekeria bezalako gaiak lantzeko; eta 3. eta 4. DBHko ikasleei “Le nom de l’arbre” (zuhaitzaren izena), “Dans la ferme” (baserrian) eta “Les deux amis” (bi lagunak) ipuinak kontatu dizkie, jakinduria, elkarkidetasuna eta bekaizkeria bezalako gaiak jorratzeko.
Kamerunen jaioa, Samuel Mounmtoumjouk txikitatik ikasi ditu bere herrialdeko ahozko tradizioaren bitartez belaunaldi batetik bestera pasatzen joan diren ipuin eta kondairak eta 10 urte baino gehiago daramatza istorio horiek guztiak frantsesez kontatzen.
Bere ipuinak Afrikako kolorez beteta daude eta ikasleak pentsatzera eta berdintasuna, tolerantzia eta elkarbizitza bezalako balioei buruzko hausnarketa egitera bultzatzen ditu.
Frantsesez kontatutako istorio ederrak ikasteaz gain, Samuelekin landu ditugu elkarri entzutearen premia, errespetuaren balioa eta benetan garrantzitsuak diren gauzei erreparatzeko gaitasuna; eta ikasleek frantsesez hitz egiteari lotsa eta beldurra galdu diote ikuskizunean zuzenean parte hartu behar izan baitute.
Samuelek samurtasunez gogoratu dizkigu bere aitonaren hitzak, Kamerungo bere herrian suaren inguruan eserita ipuinak kontatzen zizkionean. Herriko umeek aitonari adi begiratzen zioten ipuinak noiz kontatzen hasiko zain, eta honek “Hahula hula!” esaten zuenean, umeek “Hahula hula!” erantzuten zioten, horrela kontakizunen une magikoari hasiera emanez.
Gure ikasleek ere kamerungo esamolde hori bera erabili dute Samuelen hitzak entzuteko irrikaz, eta goiz atsegina pasa dute Afrikako ahozkotasunean murgilduta frantsesa lantzen zuten bitartean.