Hausnarketa horren ondorioz, azken urteotan nabarmen murriztu dugu tresna digitalen erabilera ikastetxean. Horrez gain, gure eskola mugikorrik gabeko eremu bihurtu dugu, eguneroko bizitzan pantailen eta etengabeko konektibitatearen aurrean arnasgune bat eskaintzeko. Eskolan ez duzu telefono mugikorrik behar: «Gurea erabil dezakezu». Ikasleek eta familiek, premiazko kasuetan, ikastetxeko telefonoa erabil dezakete. Horrela, aurrez aurreko harremanak, arreta eta elkarbizitza sustatzeko espazioa sortu nahi dugu, pantailak une batez alde batera utzi eta elkarri begiratzeko, entzuteko eta elkarrekin egoteko aukera izan dezagun.
Hala ere, mugikorrik gabeko eskola izateak ez du teknologia baztertzea esan nahi; aitzitik, teknologiaz nola eta zertarako baliatu hausnartzeko aukera ematen digu. Digitalizazio arduratsu eta kritikoaren alde egiten dugu lan. Ikasleek mundu digitalean moldatzen ikasi behar dute, baina baita informazioa kontrastatzen, pribatutasuna zaintzen eta teknologia modu kontzientean erabiltzen ere. Gakoa ez da teknologia erabiltzea bakarrik, baizik eta noiz, zertarako eta nola erabiltzen dugun jakitea.
Hezkuntza Sailak DBHko ikasleei gailu bana eskaintzen die ikasketak egiten dituzten bitartean, guztiek aukera berdinak izan ditzaten. Hala ere, gailu horien erabilerak hainbat kezka eta zailtasun sortu ditu eskolan zein familietan. Horri erantzuteko, ikasleek eskolan jasotzen dute gailuen erabilera arduratsuari buruzko prestakuntza eta orientazioa. Era berean, familien kezkak kontuan hartuta, aurten gailuak ikastetxean uzteko aukera eskaini dugu, etxean behar dituzten familiek gailua etxera eramateko aukera dutela bermatuz.
Gazteek teknologia modu arduratsu eta kritikoan erabiltzen ikas dezaten, helduok ere badugu gure ardura. Familiok eta hezitzaileok eredu izan behar dugu, gure eguneroko jardunaren bidez erakutsiz teknologiaz nola baliatu, baina baita noiz deskonektatu ere. Izan ere, ezin diegu gazteei eskatu guk geuk praktikan jartzen ez duguna.
Azken batean, teknologia erabiltzen ikasi behar dugu, baina baita noiz eta zertarako alde batera utzi ere. Erronka ez da digitalizazioari uko egitea, baizik eta teknologiak gure bizitzan duen lekua modu kontzientean erabakitzea, ikasleen ongizatea, harremanak eta ikaskuntza erdigunean jarriz. Pantailak, bai, baina arduraz; teknologia, bai, baina pertsonen zerbitzura.