Gorputz Hezkuntzako jakintzagaiaren barruan antolatutako jarduera osagarri honen helburua ikasgelan landutako eduki curricularrak zabaltzea eta sakontzea izan da, ikasleei kirol honen ezaugarriak eta berezitasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiz.
Saioan zehar, Endika Barrenetxea erremontista profesionalaren eskutik, ikasleek erremontearen historia eta bilakaera ezagutzeko aukera izan dute. Horrez gain, modalitate honetan erabiltzen den materiala, zestaren ezaugarriak, jokoaren oinarrizko arauak eta partiduen funtzionamendua azaldu dizkie.
Azalpen teorikoekin batera, jarduerak alderdi praktikoa ere izan du. Izan ere, ikasleek erremontea probatzeko aukera izan dute, kirol honen berezitasunak beren esperientziaren bidez ulertzeko eta modalitate honek eskatzen duen teknika eta trebetasuna gertutik bizitzeko.
Esperientzia honi esker, gure ikasleek euskal pilotaren beste modalitate bat ezagutzeaz gain, kirol-tradizio honen aberastasuna eta aniztasuna hobeto ezagutzeko aukera izan dute.