ELAk grebak deitu ditu Gipuzkoako erresidentzietan, eguneko zentroetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan, ekainaren 30ean, uztailaren 1ean, 14an eta 15ean. Langileek mobilizazioak indartzearen aldeko apustua egin dute asanblean, joan den astean patronalek sindikatuak bultzatutako negoziazio bidea zapuztu ostean. Bost urte igaro dira lehen negoziazio mahaia martxan jarri zenetik, 258 greba egun; hala ere, gatazka konpondu gabe dago oraindik. Patronalek eta Aldundiak ez dute urratsik egin egoera hori konpontzeko. Hala erakutsi dute azken asteotako negoziazio mahaietan. ELAk iragarri du patronalek eta Aldundiak gatazkaren konponbidean pausorik eman gabe jarraitzen badute, greba eta mobilizazioak areagotuko dituela.
ELAk grebak deitu ditu Gipuzkoako erresidentzietan, eguneko zentroetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan, ekainaren 30ean, uztailaren 1ean, 14an eta 15ean.
ELAk bilera batera deitu zituen Aldundia eta patronalak apirilaren 5ean, hitzarmen berri bat sinatu eta gatazka konpontzeko asmoz. Hala ere, Aldundia ez zen agertu, eta patronalek, zenbait bileraren ondoren, negoziazioa zapuztu zuten ekainaren 13an egindako bileran. Izan ere, bi puntu kentzeko eskatu zuten ELAren proposamena baloratu ahal izateko: sektoreko hitzarmena enpresetara pasatzea eta aurreko urteetako atzerapenak eskatzea. "Argi dago Aldundiak eta patronalek ez dutela borondaterik sektore horretako egoera larria hobetzeko", deitoratu du sindikatuak.
Sektorea 6.000 langilek osatzen dute, ia gehienak emakumeak, eta langile gehienek enpresa pribatuetan lan egiten duten arren, zerbitzuaren %90 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du. ELAk gogorarazi du pandemia garaian langile horiek lehen lerroan egon direla, eta orain egoera ez dela hobetu, kontrakoa baizik. Lan kargak pandemiaren aurretik baino handiagoak dira, lanpostu asko ez dira bete, lan erreformak eragindako prekaritatea handitzen ari da eta langileek ez dute erreparazio emozional kolektiborik jaso. “Horietako asko erresidentziak uzten ari dira, haien lan baldintzak jasanezinak direlako. Egoera horrek ondorio larriak ditu lan baldintzetan eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan”.