Zubietako erraustegiaren kutsadura jadanik hasi da agertzen. 2020ko maiatzetik (bi urte eta erdi!) pozoituta dator Arkaitzerreka, erraustegiaren azpitik tubo batean sartuta doan erreka txikia. Bi urte eta erdi hauetan, GHK kontsortzioak eta erraustegiaren arduradunek ez dute lortu pozoiketari erremedioa jartzea, ez arduradunek eta ez Gipuzkoako Foru Aldundiko buruzagi politikoek ez dute eman arazoaren esplikaziorik.
Inork ez du kutsaduraren ardurarik hartu nahi bere gain, nahiz eta zenbait herri mugimenduk -Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eta GuraSOSek- erakutsi duten Arkaitzerrekan isuri direla dioxinak, metal astunak eta bestelako pozoiak, agintariek ezkutatzen dituzten dokumentuetan frogatzen de moduan. Zer ari da gertatzen Zubietako erraustegian, lurpeko urak jadanik horrela kutsatzen dituenerako? Uretan azaldu baldin badira pozoiak, zer ez dira botatzen ari airera tximiniatik?
Arazoa gertutik ezagutzeko, ibilaldi gidatua antolatu da datorren larunbaterako, azaroak 12. EAMeko kideek lekuan bertan erakutsiko dituzte erreka, ur pozoitua azaleratzen den gunea, orain kutsatura ezkutatzeko eraiki nahi duen punpatze- instalazioa non jarri nahi duten, arraiak hilda agertu diren lekua, erreka betirako lehortu eta hiltzeko arriskua eta abar. Ibilaldi laburra da, joan-etorria ordu eta erdian erraz egitekoa. Komeni da uretan ibiltzeko katiuskak jantzita eramatea. Usurbildik bertakoak 10:30etan aterako dira eta inguruko herrietako jendearentzako hitzordua 10:30etan jarri da Zubietako plazan. Ondoren, kamioz-kamio joanda 11:00etan bilduko gara Artzabaleta baserrian eta hortik sartuko gara errekan gora.