Eskerrak eman nahi dizkiogu Udal Gobernu Taldeari herritarrei informazio eta parte-hartze eskubidea bermatzeagatik, gure udalerria zeharkatzen duen Europako garraiobide handi batek dakartzan eragin sozial, ekonomiko, ingurumeneko, lurraldeko eta osasun publikoko ondorioak kontuan hartuta.
Eskerrak, halaber, alkateari, Andoni Álvarezi, bere garaian Errepideen Mahian aurkeztutako ibilbide-orriari jarraitu diolako. Mahai hori udaleko ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, Sorabilla Auzo Elkarteak eta Errespetatu Andoain plataformak osatzen dute.
Foro hori alternatiben azterketa konparatiboaren jarraipena egiteko sortu zen, eta 2024ko urritik 2025eko uztailera bitartean gutxienez bederatzi aldiz bildu da. Mahaiko kide guztiek izan dugu aukera gai-zerrenda proposatzeko eta informazio-saioetarako adituak hautatzeko.
Hala ere, tamalez, alkateak ezarritako ibilbide-orrian informazioa eta hitzaldi-deialdiak berandu iritsi direla uste dugu; denbora gehiago izan bagenu, hausnarketa eta herri-eztabaida zabalagoa izan zitekeen.
Baina gehien penatzen gaituena da Andoaingo Udalean ordezkaritza dutenek, bere osotasunean, gai garrantzitsu honen aurrean jarrera irmo, bateratu eta herritarren interesen araberakoa hartzeko gaitasun eza da. Ez dugu ulertzen, eta ez dugu partekatzen, oposiziotik egindako kritika sozializazio-prozesuari, herritarren iritzia jasotzeko abiatutakoa izan denean.
Ez dugu ulertzen herritarren parte-hartzearen ondorioz hautatutako zinegotziek parte-hartze beraren aurka egitea.
Ez dugu ulertzen zergatik Usansolon (Bizkaia) herri kontsulta bat egin den ordezkaritza duten alderdi politiko guztien eta auzo-plataformaren babesarekin —EAJ-PNV barne— Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Trenbide Sarearen erabaki baten aurka (metro geltoki bati buruzkoa), eta Andoainen, berriz, ezin den informazioa sozializatu edo iritzia eman, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bulego batetik inposatzen den erabaki baten aurka.
Ez al dira kontraesanean alderdi horien teoriak, beren gobernu-programetan
“entzutea eta parte-hartzea” aldarrikatu baina praktikan bestelako jarrera erakusten dutenean?
Zintzotasunez, gustatuko litzaiguke Andoaingo hautetsiek ere gure udalerriko interesak defendatzea, Usansoloko hautetsiek beren herriarenak defendatzen dituzten bezala.
Gaur herritarren parte-hartzea ospatzen dugu, jasotako 2.494 iritziak eskertzen ditugu, eta gure eskubidea praktikan jartzean parte hartu izanaren poza partekatzen dugu.