Lehenik eta behin, Andoaingo ordezkari politikoei eskerrak eman nahi dizkiegu Ama Kandidan egindako lanagatik. Sentsibilitate edo ideologia politiko desberdinek beren arteko desberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin lan egiteko gai direnean, aurrera ateratzen diren proiektuak guztion onerako eta udalerriaren etorkizuna kontuan hartuta pentsatutako proiektuak izaten dira. Une horietan, hain zuzen ere, herritarrek sentitzen dute politikak bere benetako eginkizuna betetzen duela: pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta herria helburu partekatuen inguruan batzea.
2011ko Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) bere garapen eredua bi ideia nagusitan oinarritzen du: trafikoa kanpora ateratzea (Ama Kandida ardatza eta N-1 ardatza) eta udalerriaren konektibitatea hobetzea.
Lehen fase batean Ama Kandida ardatza garatu da, trafikoa A-15era (Buruntza) bideratzeari esker. Horri esker industria-eremu batzuk berreskuratu ahal izan dira etxebizitza erabilerarako, eta erabilera anitzeko ingurune bat sortu da (eskolak, industria eta etxebizitzak), gaur egungo hirigintza-ikuspegietan oso ohikoa dena.
Une honetan urbanizazioaren lehen fasea garatzen ari da. Horrek Ziako errekaren berreskuratzea ekarri du, ardatz honetan izaten ziren uholde-arazoak hobetuz. Horrez gain, bidegorri bat txertatu da eta Ama Kandida herriko goialdearekin lotu da. Horrela, adinekoen egoitza, inguruko bi eskolak, enpresak eta bizitegi-eremuak udalerriaren goialdearekin konektatuta geratzen dira.
Bigarren ideiak, N-1 errepidea SAHIESBIDEra kanporatzeak, Ama Kandida ardatza osorik garatzea ahalbidetuko luke gaur egungo N-1aren trazatuan zehar, eta erabilera horien jarraitutasuna bermatuko luke (bidegorria, oinezkoentzako guneak eta espazio berriak) Karrika eta Sorabilla auzoetaraino.
Argi ikusten dugu HAPOk proposatutako lehen ideia honen onura. Hala ere, kezkatzen gaitu bigarren ardatzean, N-1a kanpoko saihesbide batera ateratzearena, ez dela modu berean lan egiten ari, 2011n erabaki zen bezala.
Duela urte batzuk esan ziguten SAHIESBIDEAren proiektua bideraezina zela, uholde-arriskuaren argudioarekin. Baina gaur, Udalak enkargatutako azterketa konparatibo eta eguneratuari esker, badakigu SAHIESBIDEA bideragarria dela; posible dela, indarrean dauden lege-baldintza guztiak betetzen dituelako.
Hori kontuan hartuta, ERRESPETATU ANDOAIN plataformak mozio bat aurkeztu zuen Osoko Bilkuran (2025-10-30), eta alderdi politikoei eskatu zien bertako bost puntuak banan-banan bozkatzeko.
EAJ-PNVk kontra bozkatu zuen puntu guztietan.
ELKARREKIN-PODEMOSek eta EH Bilduk bost puntuetan alde bozkatu zuten.
PSE-EEk lehen puntuan (EZ LAZOARI) bakarrik bozkatu zuen alde eta lehenengoa indartzen zutenen hurrengo lau puntetan abstenitu egin zen.
Horregatik, ez dugu ulertzen Andoaingo PSE-EEk DVn (2026-02-12) argitaratutako artikulua. Izan ere, nola egin ditzake baieztapen horiek, Andoaingo interes orokorra bukaera arte defendatzea bilatzen duten lau puntutan abstenitu egin bazen?
Nola bozka dezake PSE-EEk LAZOAREN aurka eta, aldi berean esan Madrilgo laguntzan soberan zegoen dirua Aldundiak irailean Udalari bidalitako proiektua hobetzera bideratu behar zela? Hau da, LAZO proiektua? Demagogia ariketa dirudi.
PSE-EEk puntu guztien alde bozkatu izan balu, lehenengoarekin egin zuen bezala, Diputazioaren aurrean indar handiagoa izango zen. Baina ez zuten hala egin. Beraz, Andoaingo interes orokorra defendatzeko aukera galdu zutenak Andoaingo ordezkari sozialistak izan ziren.
Ikusi dugu nola Andoaingo Elkarrekin Podemos-ek eta EH Bilduk udalerrian LAZOaren aurka bozkatu duten; baina Batzar Nagusietan, Elkarrekin Podemos Gipuzkoak LAZOAren alde bozkatu du eta EH Bildu Gipuzkoak ez du indar berarekin defendatzen Andoainen defendatzen duena. Azken jarrera, EAJ-PNVko ordezkariena, Andoaingo udal garapenaren eta ongizatearen aurka agertzea izan da, bai Udalean bai Batzarretan.
ERRESPETATU ANDOAIN plataformak ordezkari politikoei eskatzen die ez daitezela epe laburreko interesetan gelditu, 2027ko hauteskundeetara begira, etekin elektoral posible batean pentsatuz, eta berriro har dezatela interes orokorraren bidea interes partidisten gainetik, Ama Kandida ardatzaren garapenean egin duten bezala. Gogorarazi behar diegu, joan den urrian egin zen herri-kontsultan, iritzien %93,78a SAHIESBIDEAren aldekoa izan zela. Alderdi politikoek, herritarren ordezkariek, benetan udalerriaren interes orokorra defendatu nahi badute, ezin dute herritarren parte-hartzea eta iritzia baztertu.
Haratago begiratzeko eta epe luzerako inbertsioa lehenesteko eskatzen diegu, zuek zeuek onenatzat jo duzuen proiektua argi defendatuz: SAIHESBIDEA. Proiektu bideragarria eta Andoainentzat seguruena den hori.
Lankidetza, elkarrizketa eta elkar ulertzeko borondatea daudenean, herriak aurrera egiten du, eta politikak ere bai.