Herritar guztientzat egokia izango den mugikortasun-ereduak ibilgailu pribatu motordunen presentzia murriztu behar du herrigunean, eta bestelako aukerak sustatu: oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide seguruak eta garraio publiko eraginkorra.
2011ko Andoaingo Hirigintza Planak planteatutako eredu horren adibide argia da Ama Kandida etorbidearen eraldaketa: dentsitate ertain eta handiko hirigintza, babestutako etxebizitzak, bidegorria, mugikortasun alternatiboa, garraio publikoarekiko lotura egokia, Ziako errekaren berreskuratzea eta erabilera-aniztasuna. Gainera, egindako adierazpenen arabera, Andoaingo talde politiko guztiek positiboki baloratu dute eredu hori.
ERRESPETATU ANDOAIN plataformatik defendatzen dugun KANPO SAIHESBIDEAK aukera emango luke mugikortasun- eta hirigintza-eredu hori Bazkardo–Sorabilla tartera zabaltzeko, Ama Kandida etorbideko ardatzari jarraipena emanez eta gaur egun errepideak baldintzatzen duen espazioa herritarrentzat berreskuratuz.
Irailaren 19an, larunbat goizean, Zumea plazan izango gara, egungo egoera azaltzen eta Andoainerako defendatzen dugun mugikortasun-eredua herritarrekin partekatzen.