Euskal herritarren elkartasuna beharrezkoa dela gogorarazi du Errigorak, zonaldean AEK-k eta ikastolek euskaldunak sortzen jarrai dezaten eta Sortzenek sare publikoan D eredua indartzeko lan egin dezan, baita Agerraldia egitasmoak Nafarroa hegoalde eta erdialdean euskararentzako aro berri bat ireki dezan ere.
«Herriak egiten du herria» leloa izango du 2021eko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainak. Urriaren 23tik azaroaren 11ra luzatuko den auzolan-ariketa erraldoi honetan Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako 3 saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak bildu gara gaur Ablitasen, hain zuzen, auzolanean kutxak osatzen hasteko. Arratsaldean, berriz, 3.000 lagun bilduko dituen kontzertua antolatu du Agerraldiak Tuteran. Guztira 300 boluntario aritu gara lanean egun eder hau posible egiteko. Herrilanaren erakusgarri den gaurko argazkia, baina, kanpaina honen atal bat besterik ez da. Egunotan, 200 herri baino gehiagotan ibiliko dira beste ehunka auzolangile kanpainaren berri ematen edo eskaerak jasotzen eta, eskaerak egiteko sasoia bukatuta, milaka eta milaka kutxa banatzen.
Izan ere, Errigoraren ibilbide laburra herrigintza ariketa ederra izan da; herriak herriari eginiko ekarpen xume bezain inspiratzailea. Milaka lagunen elkartasunari esker 2013tik 1.400.000 euro baino gehiago bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikaduraburujabetzara pausuak emateko baliatu dugu.
Bide horretan, herrilana izan dugu lanabes. Txikitik handira apustu eginez eta inori konturik eskatu gabe, nork bere ahal eta gogoaren arabera egindako ekarpen askotarikoak batzeko gai izan gara eta, herritarrak kontsumitzaile edo erabiltzaile huts bihurtu diren garaiotan, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatu dugu.
Agerraldiaren sorrera norabide berean emandako pausu berria da. Izan ere, denbora gehiegi joan zaigu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean aldaketaren zain, egun seinalatu batean euskararen arazoak zerutik eroritako soluzio magiko batek konponduko balitu bezala. Herritarrok ekarri ezean, aldaketarik ez dela helduko sinetsita sortu dugu, hain zuzen, Agerraldia. Bere garaian erromatarrek ager vasconum izendatu zuten eremua berreuskaldundu nahi duten herritar guztiak saretu eta mugimendu ekintzaile bat sortzeko. Izan ere, bokazio praktikoa du Agerraldiak: egiteko eta eginarazteko sortu da; instituzioen utzikeriaren edo, are, eragozpenen aurrean, herriekimena nagusitu dadin, euskararentzat aro berri bat zabaltzeko.
Urteotako diru-ekarpena ezinbestekoa izan da bertako ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko hautua egitea helburu duten Sortzenen kanpainak laguntzeko. Agerraldia bera ere kanpaina honen dinamikatik sortu da, eta kanpainak uzten duen diru-ekarpenak ematen dizkio lanerako baliabideak. Hala ere, bidea ez da amaitu eta, oraindik orain, herritarron elkartasuna behar-beharrezkoa dute egitasmo horiek guztiek. Azaroaren 11ra arte bada modu goxo bat elkartasuna bideratzeko: Errigoraren saskiak eskatzea.