Euskal herritarrek ere bat egitea beharrezkoa dela gogorarazi du Errigorak, zonaldean AEK-k eta ikastolek euskaldunak sortzen jarrai dezaten, eta Sortzenek sare publikoan D eredua indartzeko lan egin dezan, baita Agerraldia egitasmoak Agerrean euskararentzako aro berri bat ireki dezan ere.
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina abiatu du Errigorak. Urriaren 22tik azaroaren 10era luzatuko den auzolan-ariketa erraldoi horretan Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako 3 saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio «Bat egiteko garaia da» da kanpainaren aurtengo leloa. Izan ere, garai horri, 4 zentzutan nabarmentzen zaio bat egitearen abagunea izatea:
- Bada garaia euskarak lurraldean mugarik izan ez dezan eta bada garaia herritar guztiek eskubide berak izan ditzaten. Bada garaia zonifikazioa gainditzeko.
- Bada garaia Nafarroa hegoalde eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzako aldekotasun berriak biltzeko. Orain mende gutxira arte euskaraz hitzegin da Agerreko lurretan eta orain hamarkada gutxira arte tradizio euskaltzale handia mantendu da zonaldean. Garaiotan bereziki, Agerreko geografia eta bizitzaren esparru guztietan euskaraz naturaltasunez aritzea dagokigu, euskara eta bizilagunen behar zein interes askotarikoak ekuazioaren batugai bihurtuz gainera. Udazkenetako kanpainen eskutik jaiotako Agerraldia egitasmoa dugu horren adibide. Bertso eskolak, euskara egunak, elkar-ezagutza bidaiak, ikerketak, sormen proiektuak, kirol-talde euskaltzaleak, kontzertuak, mintzakide programak, enpresak euskalduntzeko euskara-planak, kirol-probak, topaketak, ludotekak, kultur ekitaldiak… Ez da gutxi, ekintza praktikoen bidez, inor ordezkatu gabe. Dagoena bultzatuz, eta ez dagoena sortuz. Askoren artean.
- Agerreko euskaltzaleok bat egiteko garaia ere bada. Ez, noski, denok berdin aritzeko, baizik eta nork bere eremuan eta bere tresnen bidez sokaren mutur beretik tira egiteko. Indarrak batzeko egin behar dugu bat; eremu zabal horretan euskalgintzak izan beharreko lehentasunak adosteko eta norabidea bateratzeko.
- Eta, laugarrenik, Euskal Herritar eta eragileok orokorrean, Nafarroarekin bat egiteko garaia da, zonifikazioaren afera ez baita nafarren arazoa, euskararena baizik. Kanpaina honek eskaintzen du, elkartasuna adieraztetik harago, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari baliabide ekonomikoak emateko bidea, baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa sentitzekoa ere.
Milaka lagunen elkartasunari esker 2013tik Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera bideratu ditugu 1.600.000 euro baino gehiago. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dugu.
Urteotako diru-ekarpena ezinbestekoa izan da bertako ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko hautua egitea helburu duten Sortzenen kanpainak laguntzeko.
Euskal Herri guztira zabaldu nahi dute bat egiteko deia, bertatik. Ablitasetik, bat egite horretatik. Azaroan eskuz esku banatuko dituzten milaka kutxa horietatik lehenengo 10000k osatzeko inoiz baino auzolangile gehiago elkartu dira eta hurrengo 3 asteotan ehunka herri eta auzotan ariko dira are eta auzolangile gehiago saski eskariak jasotzen. Horra bada deia, Azaroak 10 baino lehen saskiak eskatzeko; bat egiteko.