14000tik gora saski iritsiko dira hurrengo egunetan beste hainbeste etxetara eta Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara 185000 eurotako ekarpena. Honenbestez, 10 urteko kanpainek emana euskalgintzarako, 2 miloi eurotara iritsi da!
Buñuelen, kutxaz beteteako kamioiak atzean, Errigoraren komunitatearen beste argazki bat osatzeko elkartu gara hamarnaka lagun. Hemen gaude Erriberako euskaltzale, auzolangile eta ekoizleak, zorion eta esker on mezuari aurpegiak gehitzeko.
Urriaren 20an udazkeneroko “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” kanpainari hasiera ematean, Errigoraren 10 urte bete-bete ospatzeko gonbidapenaz gain, saskiak eskatzeko deia zabaldu genuen. Zera genioen zehazki: "Argazki bete-betea berrosatuko dugu. 10 urte betetzen ditugun honetan, udazkeneko kanpainan, Errigoraren argazki erraldoia, bete-betea, (ber)osatu dezagun. Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu".
Bada Errigoraren egiteko moduari segituta, gaur arteko egunetan eskuz-esku eta ahoz aho ibili da kanpaina. Aurtengo kanpaina honek horrela, Errigoraren 10 urte bete-beteen adierazkgarri diren hamaika argazki utzi ditu:
- Hainbat ikastola, eskola, euskaltegi eta ekoiztetxetan gero kutxetan sartu ditugun esker on postalak idazten aritu gara.
- Ablitasen lehenik eta gero Durangon Errigorako ehundaka boluntariok kutxak montatu eta paleetan atondu ditugu auzolanean.
- Bilboko Aek-ren euskaltegietan Pituxa klown-aren emanaldiak izan ditugu gelaz-gela; Zangozako ikastolan guraso, irakasle eta ikasleen aurkezpen jaia izan genuen; Lesakako eskolan ere aurkezpen xume bat,…
- Kanpaina bezperatan, Agerraldiaren eskutik, Tafallan, Gure Zirkua izan genuen eta aurtengo dozenaka ludoteken aurkezpena Ager Txiki egunean.
- Eta batez ere, Errigorako boluntarioak, sarekide izendatu ohi ditugunak, dozenak ekimen xume antolatu ditugu herriz-herri: Markinan, Iruñeko Donibane auzoan, Beasainen, Baionan, Gasteizen,...
Argazki guzti horiek, Errigoraren komunitateaz gain, komunitate hori saretu eta emozionatzen duten balioak isladatu dituzte beste behi ere:
- Zubigintza: Pertsona, lurralde eta ideia desberdinen bat egitea.
- Ekintza: Hitzetan baino egiten dugunean aurkitzea sinisgarritasuna.
- Ahalduntzea: Txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna badugula ikustea
Aipatutako kanpaina hasierako prentsaurreko hartan, Mila Kintanaren (Hernaniko Errigoraren saski eskatzaile fidela) desioa ondokoa izan zen: “Nik aurten berriro eskatuko dut deia eta nahiko nuke inoiz eskatu duten guztiek berriro eskatzea”. Guztiek ez dute eskatu eta desioa ez da guztiz bete, baina nabarmena izan da berriro saskia eskatzera bildu den lagun kopurua. Horri esker, besteak beste, hara aurtengo uzta zenbakitan:
- 14000tik gora saski.
- Ager eremuko Aek; Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolak eta eskoletako D ereduko lerroak eta Agerraldia bultzatzeko 185000 euro.
- Guztira, 10 urteotan, udazkenetako kanpainek sortutako diru ekarpena euskalgintzarako: 2 miloi euro.
Bete-betea izan da aurtengo Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka. Zorionak eta eskerrak Errigoraren parte garen/zareten/diren orori!