Agerreko uzta euskarari puzka!

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2024ko urr. 23a, 08:15

Ekin eta ekin, urteak dira jada Nafarroa hegoalde eta erdialdean (Ager eremuan) euskara sustraitzeko lurra landu eta iraultzeko lanetan gabiltzala. Lur emankorretan landatutako haziak sustraitzen hasiak dira dagoeneko, eta poliki-poliki lursail berrietara hedatzen doaz. Auzolan erraldoi batean lantzen dugu lurra, euskalzaleon arteko elkartasunez ematen diogu zolari behar duen eguzki, ur eta haizea.

Uztak, ordea, ez dira beti onak. Maiz topatzen ditugun harri kozkorrei aurre egin behar zaie, baina hor egon behar du beti herriak, amore eman gabe auzolanean, iparra galdu gabe; urtaroz urtaro elkartasuna txikitu ordez, biderkatuz.

Ager eremuan ari gara euskarari lurra ematen; euskaltegietan, ikastetxeetan eta baita hortik kanpo ere. Lurralde zabalean euskara libre heda dadin elkarrekin puzka dihardugu. Herriz herri eta esparruz esparru (kirolean, hezakuntza ez-formalean, kulturan, hizkuntza paisaian, aisialdian...) Agerrean euskara hasia da loratzen eta horregatik jarraitu behar dugu ureztatzen, indarrez eta osasuntsu hazi dadin. Mugatu eta apaltzea helburu duten sasien azpitik eta lainoen gainetik, lorpen txikiak ospatuz euskarari merezi duen tokia emateko lanean jarraituko dugu.

Ager eremuaren aldia da hau. Hasitako bidez eta aukera berriz beteriko ikuspegia dugu parean, eta horregatik gaur inoiz baino indartsuago ekin behar dugu. Aspaldi ikasia dugu bakar batek baino askoz gehiago egin dezakegula elkartzen bagara. Horregatik, euskara hauspotzeko lanean dabiltzan eragileek denon ekarpena behar dute baliabide ekonomikoz hornitzeko, baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa senitzeko ere.

Auzolanari esker gara eta izaten jarraituko dugu. Lurraldeak batuz indarrak biderkatzeko aldia da Euskarari Puzka kanpaina. Lurrak emandako uztaz osatutako saskiak eskatuz emango dira Ager eremuan hemendik aurrerako pausoak. Horiek eskatuz euskarari egiten zaion ekarpena zenbaki huts bat baino askoz gehiago da, ezinbestekoa baita gaur-gaurkoz. Elkartasunaren bidez gauza handiak lortu ditezkeenaren uste osoz goaz aurrera. Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari behar duen haize bolada bidaliko diogu denon artean puzka! Eman bultzada, indartu euskara!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!