Sustraitik espaziora: martxan da 2026ko “Euskarari Puzka” kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Errigora

Errigora ekimenak bultzatutako “Euskarari Puzka” kanpainaren edizio berria abian da. Urriaren 22tik azaroaren 12ra bitartean, Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintza eta lehen sektorea babesteko asmoz, saskiak eskatzeko epea zabalik egongo da berriro ere.

Hizkuntzak lur baten beharra du, eta lurrari hizkuntzak ematen diola izaera gogorarazten du ekimenak. Nafarroa erdi eta hegoaldean, Ager eremuan, “euskara sustraitzen eta errotzen ari diren eragileen lanari esker hartzen du lurra gure hizkuntzak, gero bertatik indarrez aireratu eta loratu dadin”. Sustraitzea haur bakoitzarengan, euskaltegietako helduengan, kaleetan, kirol taldeetan zein egunerokoan gertatzen da. Testuinguru zail honetan, ordea, bizirautera mugatzeaz harago, “euskarak amets egitera bultzatzen gaitu, gure hizkuntza inoiz irudikatu gabeko leku eta dimentsio berrietara eramateko konpromisoz.”

Lodosako Ibaialde Ikastolari bultzada

Kanpainaren oinarria Erriberako produktuz osatutako hiru saski mota banatzea da, eta bakoitzak bere erosketarekin %25 zuzenean bideratzen du Ager eremuko euskalgintzara. Aukeran dauden saskien artean, 60 euroko saski beltza (olioa, piperrak, potxak, ilarrak, zainzuriak, orburuak, kardua, mahats zukua, ardo beltza, patxarana, mantekatuak eta teilak biltzen dituena); 65 euroko saski berdea (piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, kuia krema, ozpina, sagar zukua, txokopipitak eta dilista lehorrak eskaintzen dituena); eta 75 euroko saski gorria (ardo beltza, ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, patxarana, txokolatezko molineritoak, polboroiak eta ardi-gazta dituena) daude.

Horrez gain, aurten gehigarri berezi bat sortu da: landatu daitezkeen orriz osatutako egutegia, 10 euroren truke, eta horietatik 5 euro zuzenean bideratuko dira Nafarroako Goi-Erriberan euskara erein eta loratzen daraman Lodosako Ibaialde Ikastolara. Hezkuntza sailaren erabakiak medio, ikastolaren bideragarritasunak zailtasunak bizi dituen garai honetan, laguntza emateko aukera aproposa jarri dute.

Eskaerak egiteko gakoak

Eskaerak egiteko epea urriaren 22an hasi eta azaroaren 12ra bitartekoa izango da. Online egiteko aukera dago, Errigorako webgunearen bidez. Internet bidez egiteko zailtasunak dituztenek, aldiz, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez eta herrietako arduradunari emanez ere egin dezakete. Produktuak azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran banatuko dira, bakoitzak bere herrian eta eskaera egitean aukeratutako gunean.

Euskarari Puzka, barrutik ezagutzeko bide zinematografikoa

Gogoratu beharra dago «Euskarari Puzka» 2013an sortu zela, Lekeitioko arrantzaleen kutxak Erriberako produktuz bete zituztenetik. Orduz geroztik, Errigoraren bidez ehunka euskaltzale batzen dituen sare erraldoi bat ehundu da. Aurtengo edizio honetan, gainera, “Sustraitik espaziora” dokumentala ikusgai egongo da Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan, ekimena barrutik hobeto ezagutzeko aukera emanez. Eskualdean bertan azaroaren 10ean Adunan eskainiko dute ikus-entzunezkoa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!