Andoain eta musika irakaskuntza

Erabiltzailearen aurpegia Esti Mujika 2020ko ots. 28a, 12:18

Askotan aipatu izan dugu Andoainek musikarekin izan duen lotura handia dela. Estilo ezberdinetako musikaz gozatzeko aukera izaten dugu eta entzun eta ikusten ditugun instrumentuen aniztasuna handia da.

Hauek ikasteko aukeren inguruan, eztabaida piztu izan da askotan, azkena Xabier Lasak lehengo astean Aiurrin (639. zenbakia; 2019ko otsailaren 21a) argitaratutako iritzia. Ez nuke nahi hau soilik berari erantzuteko egiten dela ulertzea. Egia da, baieztapen oker batzuk egiten dituela, baina eskerrak eman nahi dizkiot gaia publiko egiteagatik, hausnarketarako aukera irekitzen duelako.

Instrumentu batzuk Andoaingo Udal musika eskolan ikasteko aukera izan da, beste batzuk hasieratik musika eskolatik kanpo erakutsi izan dira eta beste hainbat oraindik ere ez da aukerarik Andoainen ikasteko.

Musika eskolatik kanpo erakusten diren instrumentuak, euskal instrumentuak izan dira eta hori ez da kasualitatea izan. Euskal instrumentuek, bakoitzak bere ibilbide propioa izan dute eta nahiz eta gaur egun seguruenik beste modu batera antolatuko litzatekeen, bere egunean instrumentu hauei beren espazio propioa eskaintzea erabaki zen. Basteron, Udal musika eskola kokatu zen eta euskal instrumentuen eskola Olagainen izatea pentsatu zuten. Txistua, dultzaina eta ondoren txalaparta ikasteko aukera izan dira bertan.

Instrumentu hauen ibilbideak oso ezberdinak izaten ari dira baina guztiekin egin izan da bultzatzearen ahalegina eta guztiak dira baliabide publikoz lagunduak. Batetik, egoitza bera, udalarena izateaz gain bere gain hartzen ditu mantenu gastu guztiak eta bestetik, instrumentu horien klaseek sortzen dituzten galera ekonomikoak ere Udalak bere gain hartzen ditu. Andoainen ikasi ezin daitezkeen instrumentuekin ere, Udalak diru-laguntzak ematen ditu.

Garai batean euskal instrumentuak soilik kalejira eta dianetara lotzen genituen baina hori duela urte asko izan zen. Musikak izan duen bilakaera handia izan da eta pentsaezina zen gaur egun taula gainean ikusten ditugun hainbat instrumentu elkarrekin jotzen ikustea edo musika instrumentu ezberdinekin entzuten ditugun errepertorioak entzutea.

Zalantzarik ez dago Andoainek musikarekiko duen lotura eta zaletasunean norbanako, elkarte eta Udalak izandako konpromisoek lagundu dutela, bakoitzak beretik.

Nork esango luke Olagain txistulari bandaren 40. urteurreneko kontzertuan entzun ahal izan genituen kantuak txistuarekin entzungo genituenik? Esate baterako, “Sagarra jo” kantua oso ezaguna egin zen Kalakan eta Madonnaren ahotik entzunda baina Andoaingo Basteron txistulariek eta hainbat musikarik jo zuten Alberto Agirre abesbatzak abestuta. Eta berdina gertatzen da beste hainbat eta hainbat euskal instrumenturekin.

Instrumentu eta errepertorio hauen nahasketak Andoaingo Udal musika eskolan eta eskolatik kanpo eskaintzen diren emanaldietan ematen ari dira baina bidea egiten jarraituko dugu instrumentu hauen bateratzea Udal musika eskolaren barruan ere eman dadin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!