Izan ere, egoera ez da batere samurra. Krisi garaiotan korporazio handiek langileon gaineko presioa handitu dute, besteak beste, prezioen igoera izugarriaren bitartez gure soldatak erasotuz. Horrela, egoeraren gordintasunaren adierazle da, egun, EAEn jada 10 etxetatik 1 pobrezia energetiko egoeran izatea. Txanponaren beste aldean, berriz, energia enpresa handiak inoizko irabazi handienak eskuratzen ari dira. Horren adibide dira orain aste gutxi Iberdrolak aurkeztutako 2023ko emaitzak: 4.803 milioi euroko irabaziak izan zituen, historiako handienak.
Bestalde, alderdi politiko profesionalen papera ezin da aipatu gabe utzi. Enpresari eta bankari handien menpeko, marketin politikorako erabakiak baino ez dituzte hartzen. Harturiko neurriek ez dute zalantzan jartzen oinarrizko bizi bitartekoen gainean energia enpresek duten kontrola, ez eta haien irabazia ere. Etekin eta interes kapitalistak ukiezinak dira, energiarako sarbide unibertsalaren kaltetan. Halaber, bereziki nabarmentzekoa da alderdi sozialdemokratek auzi honetan duten erantzukizuna; hornidura mozketak debekatu dituztela dioten arren, bai estatistikek (2021ean 522.107 argindar eta 26.853 eta gas mozketa espainiar estatuan) eta baita Sindikatuaren jardunak ere (Buruntzaldean azken hilabeteetan hamarnaka hornidura mozketa) kontrakoa erakutsi dute.
Era berean, gogor salatu beharrekoa da, etxejabeek mozketak maizterren gaineko presio gisara ere erabiltzea, legez kanpoko etxegabetzeak gauzatzeko. Horren adibide garbia da, 2023ko irailetik abendura Etxebizitza Sindikatu Sozialistetara jo zuten pertsonen egoera aztertuta, hornidura mozketen erdia etxegabetze prozesu baten testuinguruan ematea.
Proletalgoak bizi bitarteko oinarrizkoenak ere ez ditu bermatuta kapitalismoan, eta bitartean, enpresariek egoera baliatzen dute irabaziak pilatzen jarraitzeko. Horren aurrean, denontzako kalitatezko bizi baldintzen alde antolatzea dagokigu, ideia argi bat hedatzearekin batera: oinarrizko bizi bitartekoak (bai energia hornidurak, baita etxebizitzak berak ere) denontzat bermatuta egon beharko luketela.
Hala, helburu argi horrekin bat egiten duen pertsona orori Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuan antolatzeko deia luzatu nahi diogu.
Oinarrizko bizi bitartekoak bermatu!
Energiarako sarbidea denontzat!