Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak Andoaingo probokazio arrazista salatzen du

Erabiltzailearen aurpegia Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatua 2026ko urtarrilaren 29a

Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak gogor salatzen du Andoainen jazotako probokazio arrazista eta xenofoboa; arabieraz idatzitako sindikatuaren hainbat kartelen gainean txerri-hestebetea agertu da itsatsita. Ekintza inozo eta isolatua izatetik urrun, herriko komunitate arabiar eta musulmanaren aurkako eraso sinbolikoa da, sindikatuaren eta tokiko langile-klasearen zati garrantzitsua denaren aurkakoa.

Azken gertakari honi, hilabeteotan Andoainen agerturiko pintada arrazistak edota Urnieta, Hernani eta Asteasun agerturiko pankarta eta pintadak ere gehitu behar zaizkie. Eraso berri hau, beraz, azkenaldian ikusten ari garen adierazpen arrazisten gorakadaren testuinguruan kokatzen da. Horri guztiari gizartearen zati batean ematen ari den diskurtso arrazista eta erreakzionarioen hazkundea gehitu behar zaio.

Pertsona migratzaileak beren jatorrizko herrialdeetatik politika inperialisten ondorioz kanporatu, eta, aldi berean, helmugako herrialdeetan esplotatu, estigmatizatu, diskriminatu eta pobreziara bultzatzen dituen sistema kapitalista seinalatzea dagokigu halaber. Etxebizitzaren esparrua horren adibide argia da: higiezin-agentzien eta etxejabeen filtro arrazistek, bazterketa sistematikoak eta askotariko iruzur eta gehiegikeriek migratzaileak miseriazko bizitoki, eta oro har, bizi-baldintzetara, kondenatzen dituzte.

Guzti honen aurrean Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak langileon klase-batasunaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako jardunean jarraituko du. Era berean, azken urteotan egin bezala, etxebizitza arloan aholkularitza eman, akonpainamendua egin, kaleratzeak geratu eta orotariko lan sindikal militantean jarraituko dugu.

Euskal Herrian eta Europan ikus daitekeen oldarraldi erreakzionario eta arrazistaren aurrean, inoiz baino premiazkoagoa da antolatzea eta gorroto diskurtsoen aurrean euste-horma sendo bat altxatzea. Eman beharreko erantzun kolektibo horren adibide argia da Gazte Koordinadora Sozialistak larunbat honetan deitutako manifestazio antifaxista.

Dei egiten diogu eragile eta norbanako orori arrazakeria kasu ororen aurrean antolatu eta borrokatzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!