Ekintza despotiko eta justifikaziorik gabekoa izan da, sustatzen duten gizartearen erakusgarri argia. Buruntzako gurutzea zutitzea botere faxistaren ekintza izan bazen, bere garaipen militarraren ondoriozko inposaketa, eraistea era berean kalifikatu behar da, herriaren borondatetik at egindako ekintza bandaliko bat, hainbeste aipatzen duten herriaren borondatetik, maiz hitzetik hortzera erabiltzen dutenetik kanpo egina. Gurutzea kristautasunaren ikur nagusia da eta esanahi erlijioso sakona du. Faxismoak bere mesedetan ikur hori bereganatu eta erabili izanak ez du sinbolo faxista bihurtzen, gurutzeak, Buruntzakoak ere bai, kristautasuna irudikatzen jarraitzen du. Abenduaren 11n, AIURRIk bideo bat argitaratu zuen bere webgunean, non Buruntzako gurutzea eraisteko lehen saiakera ikus daitekeen. Zazpi egun geroago, abenduaren 18an, eraisketaren berri ematen da eta Ernai taldeak ekintzaren erantzule egiten du bere burua gurutzea bota izana aldarrikatuz. Ekintzaren erantzukizun osoa, zalantzarik gabe eta ñabardura posiblerik gabe, gertakariaren egileena da. Hala ere, zilegi da galdetzea udal gobernu taldeak, alkatea buru zela, ezin ote zuen, lehen ekintzatik bigarrenera bitarteko denboran, neurririk hartu gurutzea eraistea eragozteko. Nire ustez, udal gobernu taldeak arduragabekeria eta eraginkortasun falta kezkagarria erakutsi du gai hau kudeatzeko orduan, bere esku baititu behar adina giza baliabide eta baliabide material, eta orain deitoratzen eta gaitzesten duena eragotziko luketen beharrezko eta premiazko neurriak hartzeko legezko eskumena. Hori ez da adibide ona, tokiko gobernantzako bikaintasunaren ELOGE zigilu europarra lortu nahi baldin bada.
Ekialdeko esaera zahar batek dio jakintsuak ilargia seinalatzen duenean zoroak behatzari begiratzen diola. Kontua da batzuek ergeltzat hartzen gaituztela, era guztietako xehetasun eta erreferentzia historikoak eta jarraipen pedagogikoak ematen dizkigutelako, aztertzen ari garen gertakaria kamuflatzeko eta lausotzeko, hatzari erreparatzeko eta ilargiari ez begiratzeko.