2020an egindako bigarren edizioan bezala, entitateek parte hartzeko aukera izango dute eta berauen funtzio nagusia euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea izango da. Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie, beste behin ere.
Euskaraldiaren bigarren edizioan, ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus/ webgunean izena emanez; lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izango dute izena eman eta arigune-kopurua zehazteko. Aurten izen-emate prozesua erraztu dutela azpimarratu dute antolatzaileek eta aurretik prozesua egin dutenek ere erraz berretsi ahal izango dutela parte
hartzea.
Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aurreko edizioetako balorazio eta ikerketetan. Horregatik, ariguneak sortu, hedatu eta identifikatzen jarraitzea lehentasuna izango da Euskaraldian.
2020an egin zen Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu zuten entitateen artean esperientzia eredugarriak egon zirela azaldu dute ekimenaren sustatzaileek. Covid19-aren eraginez baldintzak errazak izan ez arren, hainbat erakunde, enpresa eta elkartek ariguneak sortu eta urrats garrantzitsuak eman zituzten. Aurtengo edizioan esperientzia horiek eta hainbat entitatek izandako lorpenak beste batzuentzat baliagarri izan daitezkeela azaldu dute. Ildo horretan, esperientzia horiek zabaltzeko ahalegina egingo da Euskaraldiaren koordinazio mahaitik.
Euskaraldia urrats eta lorpen ugariren gehiketa izan da aurreko edizioetan. Hirugarren edizioan ere proposamen hori egingo zaie parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezaizkietela beraien buruei. Erronka guzti horien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea.
Azkenik, Euskaraldia sei hilabete barru egingo dela gogoratu du ekimenaren koordinatzaileak: 2022ko azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da hirugarren edizioa.
Era berean, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dute.