Andoain Euskaraldia'22

Ehundik gora entitatek Ariguneak eratu dituzte Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 2a, 11:56

Andoaingo 118 entitatek bat egin dute Euskaraldiarekin eta euskaraz lasai aritzeko guneak eratu dituzte.

Nabarmen hazi da Arigune kopurua aurreko Euskaraldiko ediziotik. 118 entitate izan dira aurtengo Euskaraldian euskara babesteko guneak sortu dituztenak, guztira, 195 Arigune egokitu dituztelarik. Gune horietan, euskara sustatzeko konpromisoa hartu dute, hamabost eguneko ariketa kontzientea egin beharko baitute azaroaren 18tik abenduaren 2ra. 

Entitateen barne- zein kanpo-dinamiketan eragina izatea dute helburu Ariguneek, izan ere, mota ezberdinetako Ariguneak daude. Batzuek, taldeko kideen artean egingo dituzte euskara-erabilera urratsak. Beste batzuek, ostera, herritarrekin harremanetan egoteko eremuak direnez, herritarrekin gauzatuko dute praktika. Bata zein beste, Ariguneetan euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko da uneoro. 

Indarrez dator, beraz, Euskaraldia 3. edizio honetan. Presentzia hartuko du herrian: dendetan, zerbitzuetan, enpresetan, elkarteetan, etab. Aurki ikusiko dituzue Ariguneen identifikagarriak erakusleihoetan; lagungarri izango dira herritarrontzat, azaroaren 18tik aurrera geure praktikak euskaratzeko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!