Ohar honen bitartez irmoki salatu nahi ditugu asteburuan zehar eskualdeko herri ezberdinetan eman diren jazarpen polizialaren kasuak. Hain zuzen, Urnietan eta Andoainen azken asteetan Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan eman den jazarpena jasan behar izan baitute. Horrekin batera, elkartasuna adierazi nahi diegu jazarpen hau bere azaletan bizi behar izan dutenei.
Andoainen, 19:00ak aldera sagardotegi baten kanpoan zegoen jende baten aurka jo zuen poliziak. Udaltzaingo zein ertzainen 4 auto eta furgoneta batek bertan zeudenak inguratu eta orduz kanpo edaten ari zirenaren aitzakiapean jendea modu erabat aleatorioan identifikatzen hasi ziren.
Urnietan, aldiz, 21:00ak aldera taberna baten kanpoan solasean ari zen jendearen aurka jo zuten. Han zirela, ertzainak agertu eta identifikazioak hasi ziren. Horretarako, bertan zeuden pertsonak paretaren kontra jarri zituzten era oldarkorrean. Behin identifikazioak eginda, taberna ondoan dagoen aldapa batetik behera hasi eta gazte baten aurka jo zuten. Gaztea lurrera bota, jipoitu eta furgoneta batetara sartu zuten atxilotuta.
Berriro ere, nabarmen geratu da, poliziaren jokatzeko erak ez duela zer ikusirik osasuna bermatzearekin. Hain zuzen, langileriaren osasuna bermatzeko neurririk hartzen ez duten bitartean gazteria kriminalizatzen jarraitzen baitute.
Gauzak horrela, argi dugu osasun-hondamendi honen aurrean burgesiak abiarazi duen ofentsibak langileok gaituela jo-puntuan. Askatasunen deuseztapenaren bitartez pandemiari aurre egin nahi diotenen aurrean antolakuntza komunistaren aldeko aldarria zabaldu nahi dugu, hori izango baita langileriaren interesak lehen lerroan jartzeko berme bakarra.