Gizarte kapitalista krisi eta gainbehera betean sartuta dago. Nahiz eta krisialdi honek orain dela urte batzuk egin eztanda, urteetan zehar luzatzen doan prozesua da, eta azken urte hauetan intentsitatez igo da, batez ere pandemiaren etorrerarekin batera: lan kaleratzeak eta lan malgutasuna (flexibilidad laboral deiturikoa), produktuen eskasia, mundu mailako hornikuntza kateen haustura, inflazioa (energia, lehengaiak, oinarrizko produktuak, gasolina, oinarrizko produktuak...), zerbitzu publikoen murrizketak, gatazka militarren igoera eta gerrateak... Ikuspuntu ekonomiko, politiko, beliko eta ekologikotik begiratuta, begien bistakoa da testuinguru arriskutsua eta autoritarioa sortzen ari dela.
Kapitalismoaren krisialdi honetatik proletarizazio prozesua ari da gertatzen, eta milioika pertsonen lan eta bizi baldintzak modu nabarmenean okertzen ari dira mundu osoan zehar. Europa eta zentro inperialistari dagokionez, ertain klase zabal bat existitzen zen gizarteen amaieraren hasiera inplikatzen du, ertain klasearen desintegrazio eta polarizazio prozesua garatzen ari baita. Prozesu hori gazte esparruan ere oso nabarmena da, izan ere, gazte esparrua erabili izan ohi da bertako baldintzak okertu eta ondoren langile klase osoaren baldintzak okertzen joateko. Errezeta sozialdemokratek, alternatibismo faltsuek eta alderdi parlamentarioen gazte politikek ez dute errealitate hori eraldatuko. Horiek ez dira ez gazteon pobrezia ezabatzeko gai, ezta gazteon aktibazio politikoa bultzatzeko gai ere. Are gehiago, enpresari handien eta politikari profesionalen fartsarekin hautsi behar dugu, eta langileria modu independentean antolatu behar da, gazteok bertan paper aktiboa jokatuz.
Hori horrela, garai zail eta autoritario honetan, GKStik gazte langileon proletarizazioari aurre egiteko borondatea erakusten dugu eta, bide horretan, gazte langileontzako proposamen politikoa osatu dugu. Proposamen politiko hau gaur egungo testuingurura egokituta dago eta bera aldatzen den heinean eguneratu beharreko zerbait dela ulertzen dugu. Proposamen honen bitartez, gazte langileon artean elkartasuna antolatu, kontzientzia politikoa piztu eta bizi ditugun miseriak borrokatu nahi ditugu. Injustiziei aurre egitea eta eskubideak lortzeko borroka egitea da gure postura politikoa.
Ostiral honetan, 18:30tatik aurrera proposamen politiko horren azalpena emango dugu Andoaingo Gaztetxean: batetik, gazte langileon egoeraren analisia egingo dugu eta, bestetik, horren aurrean egiten dugun proposamen politikoa azalduko dugu, gazte problematikaren auzi nagusiak eta horien aurre egiteko aldarrikapen batzuk mahai gainean jarriz.